Gobernuak Foru Berriaren aurkako helegitea ken dezan eta Trafiko konpetentzia transferitu dezan eskatu du Koldo Martínezek Senatuan
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak, ostegun honetan Gobernuari eskatu dio Nafarroako Foru Berriaren eguneratzearen aurkako inkonstituzionaltasun helegitea erretiratu dezan eta Trafiko konpetentziaren transferentzia martxan jarri dezan, bai eta espetxeetako osasungintzarena ere.
Martínez Goi Ganberako Eledunen Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan agertu da Izquierda Confederal Taldearen ordezkari moduan, Senatuan talde horren baitan ari baita.
Bozeramaileak ziurtatu duenez, Gobernu berriaren lehen Ministroen Kontseiluak erabakitako Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteak “atsekabe handia eragin du” nafar gizartean, iaz Foru Parlamentuak aho batez onartu zuen arau baten aurka zuzendurik baitago.
Exekutiboak helegitea egin dizkien gaien zerrenda egin du Koldo Martínezek,ziurtatuz horietako bakar bat ere ez duela ulertzen, ez baitie justifikaziorik aurkitzen. Foru Berria, Foru Zuzenbide Zibilaren konpilazioa alegia, ez zen 1973 urtetik eguneratzen eta bere berrikuntza Parlamentuko alderdi guztien aho-batekotasunez egitea “esfortzu handia” izan zen. “Helegitea erretiratzea espero dut”, berretsi du.
Nafarroako Gobernuari Trafiko konpetentziaren transferentzia martxan jartzea aldarrikatzeko aprobetxatu du ere senatariak, “Francok konpetentzia horiek kendu zituenetik alderdi guztiek aldarrikatu duten moduan”. Bai eta espetxeetako osasungintzaren konpetentzia ere; Martínezek azaldu duenez orain bi milioi euro kostatzen du horrek, Nafarroak Estatuari ordainduz horretaz arduratu dadin, baina Foru Gobernua arduratuko balitz milioi bat gutxiago kostatuko luke “eta kalitate gehiagorekin gainera”.
Koldo Martínez