Google eta Tobin tasen zergak Nafarroak kudeatu eta biltzea proposatu du Geroa Baik
Zerga neurri jakinen ezarpenaren eraginari buruzko txosten bat egitea eskatu dio koalizioak Exekutiboari
Google eta Tobin tasen zergak,bai eta mugaz gaindiko zerga ere Nafarroak kudeatu eta biltzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Geroa Baik, eta zerga neurri jakinen ezarpenak ekonomiarengan eduki dezakeen eraginari buruzko txosten bat egin dezan eskatu dio Foru Exekutiboari.
Zehazki, koalizioaren parlamentu taldeak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan maiatzaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatu dadin, horrekin Foru Gobernua premiatuz, Hitzarmen Ekonomikoaren berrikuntzarako Estatuarekin duen negoziazioaren markoan, alde batetik Google edo Tobin tasak bezalako zerga figura berriak sar daitezen, eta bestetik mugaz gaindiko BEZ ere, horien kudeaketa bai eta diru-bilketa ere Foru Komunitatearen eskutan egon daitezen. Koalizioak halaber, Nafarroako erakundeak nazioarteko zerga foroetan egotea ziurta dadin eskatu du ere.
Ekimen horretan gainera, Geroa Baik Nafarroako Gobernua premiatzen du, enpresa antolakundeek eta gizarte erakunde ezberdinek proposatutako neurrien antzeko neurrien ezarpenak gure ekonomiarengan eduki lezaketen eraginari buruzko txosten bat hilabete bateko epean egin dezan, errenta altuak, enpresen mozkinak eta egungo krisialdiak kaltetu ez dituen ondasun handiak, aldi baterako bederen, zergapetzeko aukera aztertzeko.
Ezinbestekoa eta premiazkoa da diru sarrera berriak lortzeko bideak ikertzea
Mikel Asiain Geroa Baiko foru parlamentaria eta Ekonomia eta Ogasun bozeramaileak ziurtatu duenez “ezinbestekoa eta premiazkoa da diru sarrera berriak lortzeko bideak ikertzea, aurreikusten den diru sarreren gainbehera arintzeko, pasa den maiatzaren 12an Ekonomia eta Ogasun kontseilariak parlamentuan 818,8 milioi eurokoa, %20,2 alegia, izango zela adierazi baitzuen”.
“COVID-19ak sortutako osasun krisialdiaren hasieratik denok antzeman genuen ekoizpen jardueraren etetearen ondorioz epidemiak edukiko zuen eragin ekonomiko handia. Eta horrela berretsi dute ezagutu ditugun datuek. Baikorrak edo ez hain baikorrak ziren hasiera bateko hipotesietatik zenbakien errealitate gordinera; BPGren %4,1eko gainbehera lehen hiruhilekoan, langabeziak bitartean 3.077 pertsona gehiago batuz apirilean, osotara 40.442koa izanik. Ezin ditzakegu, inolaz ere ez, 2008ko krisialdian hartutako neurriak errepikatu, murrizketa latzak ekarri baitzituzten eta gure Komunitateko herritarren artean arrakala handi eta sakonak sortu baitzituzten. Pasa den legegintzaldira arte, hein handi batean, konpondu ez ziren arrakalak”. Ziurtatu du Geroa Baiko parlamentariak.
Mikel Asiain