Haur hezkuntzako ikasgela bakar bat ere ez ixtea eskatu du Geroa Baik, ez sare publikoak ez eta itundutako sarekoak ere, datorren ikasturteko planifikazioan
Koalizioak halaber urtebeteko luzapena eskatu du hezkuntza itunen berrikuntzan eta ikasle kopuruaren urritze koiunturala aprobetxatzea hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak datorren osteguneko kontrol saioan gobernuari egingo dizkion hiru galderak aurkeztu ditu.
Azconak azaldu duenez, “nazioarteko testuinguru konplexu baten erdian gaude, ziurgabetasun ekonomikoak, inflazio geroz eta handiagoak, eta tentsio global ezberdinek markatua, eta horrek guztiak, modu zuzenean edo zeharka, Nafarroako herritarrengan eragin zuzena izaten ari du”. “Eszenatoki honetan, gure ustez inoiz baino beharrezkoagoa da aurretiaz aritzea, planifikatzea eta arduraz jokatzea”, azpimarratu du. Horregatik, Geroa Baiko bozeramaileak iragarri du koalizioak Ogasun kontseilariari zuzenduko diola galdera bat, zerga neurri berriak lantzeko zein aurreikuspen dituen jakiteko.
Azconak gogorarazi duenez, Geroa Baik Mahai Fiskala berraktibatzea eskatu zuen jada, eta ziurtatu duenez “argi dugu; errenta ertainak eta ertain-txikiak zerga politikaren ardatza izaten jarraitu behar dute”. “Errenta horiek Nafarroako herritarren arazo nagusia sufritzen dute gainera, etxebizitza lortzearen arazoa alegia, eta hor jarri nahi dugu arreta; etxebizitza lortzean, gazteen kasuan bereziki, fiskalitatetik heldu beharreko erronka nagusienetakoa baita hori”. “Gainera, industriara, lehen sektorera edo trantsizio energetikora bideratzen diren beste neurriei heldu beharko zaie ere”, ziurtatu du.
Bestalde, koalizioko eledunak iragarri du Geroa Baik Irujo kontseilariari egingo diola galdera ere, Hithium enpresa txinatarrarekin egindako akordioak Nafarroarentzako zer abantaila edukiko duen jakiteko, bai eta Eskubide Sozialen kontseilariari, Bizitzeko Gutxieneko Dirusarrera eta Errenta Bermatuaren eskabideak tramitatzen diren udalerriak zentralizatzeko arrazoiak zeintzuk diren azal dezan.
Beste gai batzuen artean, Azconak azaldu du asteazken honetan Geroa Bairen mozio bat eztabaidatuko dela ere, horren bitartez Hezkuntza Departamentua premiatuz haur hezkuntzako ikasgelarik itxi ez dezan, ez sare publikoan ez eta itundutako sarean ere ez, datorren ikasturterako planifikazioan. Era berean, urtebeteko luzamendua planteatzen da hezkuntza itunen berrikuntzan, egiturazko erabakiak egun dugun ezohiko egoera demografikora egokitzeko. Mozioak ere, ikasle kopuruaren murrizketa koiunturala aprobetxatzea proposatzen du hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko, aniztasunari arreta sendotuz eta ahal den kasuetan, ratioak murriztuz.
Azconak azpimarratu duenez, “aparteko une batean gaude, datu demografikoei dagokienez urterik okerrenean eta zerbitzuetan inbertsioak eta hobekuntzak egitea ahalbidetzen diguten kontu saneatuekin”. Geroa Baiko bozemaileak azpimarratu duenez, “eskatzen duguna zera da: ikasgela bakar bat ere ez ixtea eta, bilakaera demografiko honen aurrean, beste motako neurriak analizatzea, murrizketarik eta ikasgela itxierarik ekarriko ez dituzten neurriak alegia”. “Hezkuntza kalitatearen hobekuntza ahalbidetuko duen ratioen beherakadari buruz hitz egiteko una da hau, adibidez”, nabarmendu du.
Halaber, azpimarratu duenez, “praktikan, euskarazko hezkuntza eskaintzari eraso berri bat egiten dion erabaki baten aurrean gaude, izan ere, kaltetutako unitatea asko Nafarroako ikastolen sareari dagozkio, ekimen sozialeko eredu kooperatiboa izanik eta euskarazko hezkuntzaren mantentzearen alde egin duena hezkuntza sistema publikoa eta administraritza bera ere mailan egon ez direnean”.
Azkenik, Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu du koalizioak balorapen positiboa egiten duela zenbait Udalek eta herritar mugimenduk biometano plantak direla eta jartzen ari dituzten helegiteak Landa Garapenerako Departamentuak aintzat hartzen ari dituelako.
Geroa Baik luzamendu bat planteatu zuen Parlamentu honetan Nafarroak proiektu hauen ezarpena planifikatu ahal izateko, eta orain geldiarazten ari dituzten plantak blindatzea erabaki zuten UPNk eta PSNk, luzamendurik ezarri gabe.
Azconak gogorarazi duenez, Geroa Baik eztabaida horretan jada ohartarazi zuen planifikazio hau sustatu beharra zegoela. Geroa Baiko eledunak amaitzeko, Arronitzeko eta Sesmako Udalei deia egin die, proiektu hauen inguruan herritarren duten kezka entzun dezaten.
Pablo Azcona