Itzuli

Hautesle talde independenteak kaltetzeari utz diezaien eskatu dio Koldo Martínezek Lurralde Politikako ministroari

Nafarroan 272 udalerritatik 217tan daudela gogorarazi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Isabel Rodríguez Lurralde Politikako ministro eta Gobernuko Bozeramaileari eskatu dio hautesle talde independenteek jasaten duten jazarpenari amaiera jar diezaion, aldi berean gogoraraziz Nafarroan 272 udalerritik 217tan daudela eta alkatetzen %65 haien eskutan daudela ere.

    “Estatuan parerik ez duen zifra da hau, bai eta Nafarroan haien bizilagunen bizi baldintzak hobetzearen alde lan egiteko pertsonak eta taldeak daudenaren froga ere, haien denbora eskainiz eta bizkar gainean zama handia, beti aitortzen ez den arren”, gogorarazi du Koldo Martínezek Senatuan, Lurralde Politikako ministro berriak egin duen lehen agerraldian.

    Geroa Baiko senatariak azpimarratu duenez, Hauteskunde Legearen azken aldaketak 50.000 euroko isunak aurreikusten ditu udal hauteskundeetan gastu muga gainditzen duten hautesle taldeentzat, 11 euroko gaingastua izanik ere, eta gastu muga alderdiei dagokiena baino askoz ere txikiagoa denean gainera. Eta adibide moduan Lodosa jarri du. Gogorarazi duenez, legearen arabera hauteskunde propaganda egiteko biztanleko 0,11 euroko gastua baino ezin dute egin hautesle taldeek, horrela Lodosako kasuan, hauteskundeen emaitzaren arabera 550 euroko gastua eta diru-sarrera izan dezakete bakarrik, bien bitartean alderdi bati 4.995 euro egokituko litzaiokeelarik 1.175 botorengatik eta beste 1.740 euro 6 zinegotzirengatik; osotara 6.675 euro. Baina, lege berriaren arabera, %10eko gaingastua egiten badute eta 605 euro gastatuko balituzte, legeak aurreikusten duen gutxieneko isuna 50.000 eurokoa da. “Mila bizilaguneko herri baten kasuan, 11 euroko gaingastuak isun bera ekarriko luke, 50.000 euro”, zehaztu du Koldo Martínezek.

    Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, pasa den irailean Pablo Azcona Lodosako alkate ohia buru zeraman Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza batek legea aldatzea eskatu zuen jada, kontularitza akats xume batek alderdi politikoen sigletatik at haien bizilagunen alde lan egiteko bidea hartzen dutenen etorkizuna hipotekatzeko aukera egotea ekiditeko. PSOE eta Vox alderdiek haien botoak batu zituzten proposamena atzera botatzeko, PPk abstentziora jo zuelarik.

    Koldo Martínezek Lurralde Politikako ministroari galdetu dio ea “Gobernuak zerbait egingo ote duen siglen babesik gabe eta haien bizilagunen alde baldintza eta kortserik gabe lan egin nahi dutelako politikan aritzeko bidea aukeratu dutenei eskuak lotzen dizkion eta bortizki zigortzen dituen bidegabekeria honi amaiera jartzeko”.

    “Gai honen inguruan zure jarrera zein den jakin nahiko nuke. Zu alkate izan zinen Puertollanon baina udalbatzako presidentzia abandonatu zenuen aukeratua izan eta bi urtera eta zure agurrean zera esan zenuen, ‘Espainiari zerbitzua eskaintzeko’ uzten zenuela alkatetza. Beste pertsona batzuek, askok, haien herriari eskaini nahi diote haien zerbitzua. Eta hala eskaintzen diote zerbitzua bere herrialdeari. Eta, sari moduan, kanpaina aurrekontua 11 eurotan gainditu izanagatik 50.000 isuna eskatzen dioten ohartarazpen bat baino ez dute. Zer iritzi duzu honen inguruan, ministro andrea? Egoera hau aldatzeko zerbait egingo al duzu?”, galdegin dio Geroa Baiko senatariak.

     

    Lodosa eta Buñuel bisitatzeko gonbidapena

    Isabel Rodríguezek, administraritzekin harremana izateko ardura duen kartera edukitzeaz gain, Exekutiboaren bozeramailea da ere, eta kasuistika hau ez zuela ezagutzen erantzun du eta gaia ikertzeko konpromisoa hartu du, aldi berean hautesle talde independente hauen egoera zehatza ezagutzeko Lodosara joateko prest dagoela iragarriz. Adierazpen honen aurrean Koldo Martínezek Lodosaraz gain, beste udalerritara ere hurbiltzera gonbidatu du, hots Buñuelera, azken uholdeen ondoren kalte handiak jasan baititu eta horrelakoak prebenitzeko ibaietan esku hartzeko baimena CHEri eskatzen ari baitiote, Geroa Baiko senatariak ministroari azaldu dion moduan. “Ebroko Konfederazio Hidrografikoa hortelanoaren txakur moduan jarduten du”, salatu du Koldo Martínezek.

    Trafiko trasnferentzia

    Nafarroak Gobernu zentralarekin adostutako transferentzien atzerapena aipatu du ere Geroa Baiko senatariak Goi Ganberako Toki Erakundeen Batzordean ministroaren aurrean egindako adierazpenetan, bereziki Trafiko transferentziari dagokiona. Lurralde Politikako ministroak arazo teknikoei egotzi die atzerapena eta airean dauden kontu horiek “datozen hilabeteetan argituko direla” adierazi du.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko