Hezkuntza departamentuak aniztasunaren arretarako plan estrategikoa ez duela garatu salatu du Geroa Baik
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaiak eta Isabel Aranburu Eskubide Sozialen bozeramaileak CERMIN elkartearekin bilera egin dute
Desgaitasunaren alorrean legegintzaldi honetan egin diren aurrerapausoetako batzuk balioetsi ditu Geroa Baik, baina Aniztasunaren Arretan egondako atzeratzea deitoratu du ere, legegintzaldiko gabezia handienetako bat izan delarik hori. Koalizioak salatu duenez “Aniztasunaren Arretarako Plan Estrategiko berri bat landu ez izanaz gain, jada existitzen zena ez da garatu ere egin, pasa den legegintzaldian diseinatu eta martxan jarri genuen arren”.
Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzara Geroa Bairen hautagaiak eta Isabel Aranburu, koalizioko Eskubide Sozialen bozeramaileak bilera egin dute aste honetan Mariluz Sanz eta Mónica Íñigorekin, CERMIN Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Komiteko presidente eta teknikariak hauek, bileraren baitan haien proposamen eta aldarrikapenak entzun dituztelarik.
Bilera horretan, “desgaitasuna duten pertsonek gainontzeko herritar guztiek dituzten eskubideak benetan jarduteko aukera edukitzeko” konpromisoa berretsi zuen Uxue Barkos hautagaiak, eta konpromiso hau urtero-urtero zuzenketa ezberdinen bitartez islatu dela gogorarazi zuen ere. Horien artean, ekimen sozialeko erakundeek burutzen dituzten programak sendotzeko Aurrekontuetan sartu diren partida ekonomikoak daude, bai eta hainbat neurri fiskal ere, besteak beste erakunde hauek Elkarteen Zergan %0,7an sartzeko proposamena.
“Desgaitasuna duten pertsonek bizitza independentea edukitzeko eskubidea bermatzea da helburu nagusia, bai eta komunitatean barneratu daitezen, haien erabaki eta nahien arabera”, adierazi du Barkosek. Hori lortzeko, Geroa Bairentzat funtsezkoa da 2019-2025 Desgaitasun Plana gauzatzea eta Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako Foru Legea betetzea, beste ezer baino lehen arau honetan aurreikusten den araudiaren garapena eginez.
Barkosen aburuz, “Nafarroan desgaitasunaren politikek gaur egin behar duten bidea zera da, ondasun eta zerbitzu guztien Irisgarritasun Unibertsala bermatzea, eta alor guztietan egitea: osasungintza, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, kultura, aisialdia, kirola, partaidetza... hau da, pertsonen bizitza garatzen den esparru guztietan”.
Azkenik, espazio ezberdinetan proposamen espezifikoak bultzatzen eta burutzen jarraitzeko konpromisoa agertu zien Geroa Bairen lehendakarigaiak CERMINeko ordezkariei. Proposamen horien artean honakoak agertu zituen; Aniztasunaren Arretarako Plan Estrategiko berri bat diseinatu eta ezartzea; desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzera bideraturik dauden zerbitzu eta prestazioetako proposamenak, hots Autonomia Pertsonalaren Promoziorako Zerbitzuak; desinstituzionalizaziora bideraturik dauden zerbitzu eta prestazioetarako proposamenak, hala nola laguntza maila ezberdinak dituzten eta Nafarroako eskualde ezberdinetan kokaturiko etxebizitza txikiak; edo enplegu arrunta eta bizitza independentea sustatzeko zerbitzu eta prestazioetarako proposamenak.
Uxue Barkos