Itzuli

Hezkuntza Departamentuak enplegurako formakuntza ikastaro bakar bat ere euskaraz ez eskaintzea salatu eta deitoratu du Geroa Baik

Nafarroako herritar guztiei zuzenduriko zerbitzu bat, honakoa kasu, euskaraz ere bermatzea eskatu dio koalizioak Departamentuari

María Solana María Solana

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur jakinarazi duenez, 361 formakuntza jarduera izango dira 5.415 plazarekin, denak gaztelaniaz. Koalizioak salatu duenez “horrela egin izan du Lanbide Heziketa zuzendaritza nagusiak konpetentzia profesionalerako akreditazio esparruko eta enplegurako Lanbide Heziketa egiaztagarri eta akreditagarriaren esparruko eskumenak bere gain hartu zituenetik, Lan eta Ekonomia Sozialaren ministerioaren eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministerioaren artean landu zituzten enplegurako formakuntza esparruko konpetentzien identifikazioaren arabera egina eta 2020ko 498 eta 499 Errege Dekretuetan jasoa, hauen bitartez bi ministerioen egitura organikoa arautu zelarik”.

Geroa Baik bere erabateko gaitzespena agertu nahi du gaur Hezkuntza Departamentuak iragarri duen eskaintzaren aurrean, izan ere langabeei, langileei eta kolektibo zaurgarriei zuzenduriko formakuntza jardueren eskaintza horretan, Lanbide Heziketarako zuzendariak berak ziurtatu duen moduan, berriro ere, jarduera horiek guztiak, 2023ko lehen seihilekorako (edo geratzen denerako) 52.923 formakuntza ordu osotara, gaztelaniaz eskaintzen baitira.

Eskaintzaren aurkezpenean, euskarazko ikastaroen portzentaiari buruz galdeturik, Lanbide Heziketarako zuzendari nagusiak ziurtatu du, baina ziurtapena frogatzen duen inolako daturik eman gabe, “Enplegurako Formakuntzaren kasuan ez dagoela masa kritiko nahikorik, hau da, ez dagoela ekoizpen sektoreen aldetik eskaerarik, ez eta formakuntza burutzera doazen pertsonen aldetik ere ez, gutxieneko taldeak egiteko (gutxieneko taldeei buruz ari garenean, zortzi pertsona diogu) eta euskarazko ikastaroak ematea ahalbidetzeko”.

Hezkuntza alorrean koalizioko bozeramaile den María Solanaren aburuz, “lurralde osorako” eskaintza bat aurkeztea eta gazteleraz bakarrik egitea, “komunitate honen aniztasunarekiko sentikortasun falta iraingarria agerian uzten du”. Foru parlamentariaren arabera, “berriro ere, eskaerarik ez dagoenaren aitzakia faltsuarekin, ez da ezer eskaintzen. Gaur arte ez da eskaini, eta horren ondorioz ezin dugu zehazki jakin estrategikoki landutako eta sektore ezberdinetarako eta gure lurraldeko toki ezberdinetarako pentsatutako euskarazko formakuntza jardueren proposamen batek arrakastarik izango ote lukeen edo ez. Geroa Bain konbentziturik gaude horrelako eskaintza batek arrakasta izango lukeela”.

Solanaren iritziz, enplegurako formakuntzarako Foru Komunitateko beste hizkuntza propioa kontuan hartzen ez duen proposamen batek “ez ditu hizkuntza eskubideak errespetatzen, ez eta lurralde oreka ere, edo lurralde honetako bi hizkuntza propioetako batean enplegurako formakuntza jasotzeko Nafarroako herritarren eskubideak ezta ere”.

Izena eman gure buletina jasotzeko