Hitzarmen ekonomikoaren ekarpena eguneratzeko Estatuaren eta Nafarroaren arteko akordioa balioetsi du Geroa Baik
Koalizioaren iritziz akordio honek Nafarroari egonkortasun ekonomikoa ematen dio eta Nafarroaren alde geratu den 137 milioiko saldoaren zati bat itxarote-zerrenden arazoa arintzeko erabiltzea proposatu du

Hitzarmen Ekonomikoaren 2020-2024 bosturtekorako oinarrizko urtea 510,2 milioi eurotan ezartzeko Nafarroaren eta Estatuaren arteko akordioa balioetsi du Geroa Baik. Koalizioaren iritziz akordio honek Nafarroari egonkortasun ekonomikoa eta finantzarioa ematen dio, ekarpena Nafarroako Aurrekontu Orokorren baitan duen pisua kontuan izanik.
Akordioak gainera 2020 eta 2021 urteetan Foru Komunitatearen alde 137 milioi euroko saldoa uzten du, honakoa aurtengo abenduaren 30ean gauzatuko delarik. Zentzu honetan, “soberakin honen zati bat itxarote-zerrenden arazoa arintzeko erabiltzea” proposatu du koalizioak, “baliabide ekonomikoekin bakarrik konpontzen ez den arazoa bada ere, une hauetan bultzada ekonomiko berezia behar baitu zalantzarik gabe”.
Halaber, “gaur Ogasun Ministerioak eta Foru Exekutiboak berak eskainitako zifra ezberdinen inguruko zalantzak Ogasun kontseilariak argitu ditzan” espero du Geroa Baik, “bai Gobernuaren baitan, bai eta Parlamentuan ere”.
Era berean, Geroa Baik “autogobernurako tresna zuzen moduan” aldarrikatu du Hitzarmen Ekonomikoa, bai eta “errealitateari lotua eta erantzukizunaren adierazpena eta aldi berean Estatuko gainontzeko lurraldeekiko solidariotasunaren adierazpena ere”.