Hitzarmen Ekonomikoaren ekarpenaren doikuntzatik eratorriko den diruaren gehiengoa Nafarroako osasungintza publikoko itxarote-zerrendak arintzeko erabiltzearen alde egin du Geroa Baik
Uxue Barkos Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko eledunak aurreratu duenez Nafarroak Estatuari egiten dion ekarpenaren eguneratzea ziurrenik Foru Komunitatearen aldekoa izango da, hortaz “soberakin” ekonomiko bat ekarriko du, eta Osasungintzako itxarote-zerrendak murrizteko erabiltzea proposatu du.
María Solana eta Pablo Azcona parlamentariekin batera egin duen prentsaurrekoan Barkosek azaldu duenez, “gure iritziz, eguneraketa honekin, ekarpena baldintza positiboetan doitzea ahalbidetuko da, historiak esaten baitigu eguneraketa faltak beti egin duela Nafarroak egiten duen ekarpenaren aurka”, azpimarratu du.
Horrela, adierazi duenez “uneotan aurreikusten ez zen soberakin bat edukiko dugu eta horren gehiena itxarote-zerrendak arintzeko bideratzearen alde egiten dugu, arazo estrukturala baita, Komunitatearen Egoerari buruzko Debatean eztabaidatu zen moduan, eta baliabide ekonomikekin bakarrik konpontzen ez dena gainera, baina egoera honek duen premiak baliabide ekonomikoak behar ditu ere”.
Barkosek ziurtatu duenez, honakoa “2023 urterako Komunitatearen erronka handietako bat izango da”, baina era berean azpimarratu du “ez dela bakarra”, eta Foru Komunitateari Trafiko eskumenaren transferentzia gauzatu beharra dagoela azaldu du ere. “Hitzartutako data berria dugu -martxoak 31- eta nafar gizarteari zor zaigun transferentzia txalotuko dugu, hala jasotzen baita Foruaren Hobekuntzan, eskumen alorrean hain tratu txarra jaso den arren”, azaldu du.
Gai hauez gain, Uxue Barkosek prentsaurrekoan azaldu duenez Geroa Baik 90 zuzenketa aurkeztu dizkio bakarka Nafarroako Aurrekontuei eta beste 40 gehiago beste taldeekin adosturik, horiek guztiak 4,3 milioi euroko balioarekin. “Zifra handia da, eta aurreko urteetan egin den bezala, horrekin Geroa Baik alde batetik lurraldearen egituraketa finkatu nahi izan du udalerri ezberdinentzako proiektuetara bideratuz, eta bestetik ekintza sektorialeko ildoak sendotu”, ziurtatu du.
Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, aurrekontuen alorrean “berri on batekin amaituko dugu legegintzaldia, Nafarroako Gobernuak 2023 urtetako aurrekontuak garaiz eta modu egokian edukiko baititu, eta Parlamentuaren hiru bostenen babesa jasotzen duen akordioarekin gainera”. “Gehiengo aurrerakoiaren babesa eta ekarpena duten kontuak dira”, nabarmendu du.
María Solana Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, zuzenketa hauekin “herritarren beharrak orekatu eta horiei erantzutearen aldeko apustua egin nahi izan dugu, herritarrak non bizi diren axola gabe, horrela hemen bizitzeak baino kostu bikoitza duen tokietan bizitza erraztuz”.
Horrela, Solanaren arabera “lurraldera jaistearen aldeko apustua egiteak eta zenbait proposamenei heltzeko zailtasun handiagoa duten udalerri arreta eskaintzeak”, zuzenketa gehienak Lurralde Kohesiorako departamentukoak izatea ekarri du, baina beste departamentuetara bideraturiko aurrekontu aldaketak daude ere, hala nola Kultura, Kirola, Gizarte Eskubideak, Garapen Ekonomikoa edo Herritarrekiko Harremanak.
Pablo Azconak azpimarratu duenez, zuzenketetan osotara aurkeztutako 4,3 milioietatik, 3,2 milioi Nafarroako toki erakundeetara bideraturik daude. “Hamarkadetan zehar Aurrekontuetatik isolaturik egon diren eta erronka demografikoa bezalako erronketan bultzada behar duten Nafarroa osoko eskualdeetan inbertsioak mesedetuko dituzten proposamenak dira”, planteatu du.
Zentzu horretan, alor ezberdinetarako zuzenketak daude, hala nola “argiztapena, sareen berrikuntza, mugikortasun jasangarria, kaleen konponketa, udal eraikinetan hobekuntzak, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza, energia berriztagarrietan eta benetako lurralde kohesioan aurrera egitea ahalbidetuko duten inbertsioak”