Hitzarmenaren Legearen aldaketaren gaineko akordio bat lortzeko bere jarrera irekia agertu du Geroa Baik
Nafarroaren autogobernuaren aldeko defentsa tinkoa mantentzeko beharra berretsi du, egozpen-indizearen definizioa Parlamentuaren eskutan utziz
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak Hitzarmenaren Legearen aldaketa aipatu du Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoko prentsaurrekoan. Akordio politikoa lortzeko aukerak eta denbora tartea badaudela azpimarratu du eta akordio hori lortzeko Geroa Bairen jarrera irekia agertu du, legea aho batez onartzera eraman baikaitzake horrek. Nafarroaren autogobernuaren defentsa tinko mantentzeko beharra berretsi du Barkosek, egozpen-indizearen definizioa Parlamentuaren eskutan utziz.
Halaber, Izquierda Unida-ko kideei elkartasuna adierazteko Foru Ganberaren aho bateko jarrera balioetsi du Barkosek, eta Lizarrako haien egoitzan jasan zuten erasoaren aurrean Geroa Bairen gaitzespen osoa adierazi du.
Bestalde, Geroa Baik datorren osteguneko Gobernuari kontrol saioan defendatuko dituen ekimenak aipatu ditu. Zehazki, Omikron aldaeraren kutsatze prozesu garrantzitsua nabarmendu du Uxue Barkosek, eta azpimarratu duenez, “bereziki kutsakorra den aldaera honen aurrean Osasunbideko langileak nekearen eta esposizioaren aurrean babesteko neurri eraginkorren bilaketari buruz” galdegingo dio Geroa Baik Gobernuari. Halaber, abenduko uholdeen ondoren, horiei aurre egiteko laguntzen kudeaketari buruz galdetuko dio koalizioak exekutiboari, bai eta etorkizunean eman daitezkeen beste kalte berrien prebentzioari buruz ere.
Uxue Barkos