Itzuli

Hizkuntza koofizialak eta administraritzara sarrera dela eta Ciudadanosek egindako proposamenak autogobernua eta hizkuntza eskubideak modu larrian erasotzen dituela dio Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

Ciudadanosek aste honetan Diputatuen Kongresuan erregistratu duen Lege proposamenak autogobernua eta hizkuntza eskubideak modu larrian erasotzen dituela iritzi du Geroa Baik, hizkuntza koofizialen ezagutza funtzio publikora sartzeko baldintza izatea debekatzea baitu helburu, bi hizkuntza dituzten komunitateetan postu jakinak okupatzeko bakarrik meritu izateko. “Proposamena autonomien, estatuaren eta Europako ordena juridikoaren aurkakoa da eta hizkuntza propioak hitz egiten dituzten herritarren hizkuntza eskubideen murrizketa onartezina da”, ziurtatu du Koldo Martínez koalizioaren parlamentuko eledunak.

Martínezek Ciudadanosi gogorarazi dio Euskararen Foru Legeak berak dioela “bere ondarean hizkuntza bat baino gehiago edukitzeko ohorea duten komunitateek, hots Nafarroak, altxor hori gordetzeko betebeharra dute, bere hondatzea eta galera ekidinez”, azpimarratu du, gaineratuz “ondarearen babesa ezin dela eta ez lukeela hizkuntzekin konfrontaziotik edo oposiziotik jardun”, eta “Administraritza Publikoekin harremanetan bai euskara bai eta gaztelera ere erabiltzeko eskubidea” aitortzen die herritarrei, “eskubide hori hizkuntza eremuen araberakoa izanik”.  

Bestalde, Geroa Baiko parlamentuko eledunak eskualdeetako hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen Europako Karta gogorarazi dio formakuntza laranjari, horretan jasotzen baita “eskualde hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak erabiltzen dituzten herritar kopuru bat dagoen eskualdeetako agintariek hizkuntza horien erabilera administraritzaren markoan sustatzeko konpromisoa hartuko dutela”, eta azpimarratu du hizkuntza hauen aldeko neurri bereziak hartzea “ez dela diskriminazioa izango hizkuntza hedatuenak hitz egiten dituzten pertsonekiko”.

Martínezek gainera ziurtatu du Ciudadanosen proposamenean hizkuntza koofizialak meritu moduan bakarrik hartzen direla aintzat Funtzio Publikora sartzeko, “hizkuntza koofiziala beharrezkoa den lanpostuak lortzen dituzten pertsonek hizkuntza hori ezagutzea ez da bermatzen”. “Honekin, praktikan autonomia administraritzek ez dute eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko gaitasunik izango eta, hortaz, hizkuntza propioan arreta jasotzeko eskubidea deuseztatzen da”, nabarmendu du eledunak. 

Honengatik guztiagatik, Martínezen aburuz “Ciudadanosen proposamena Nafarroako eta Europako legeei eta hizkuntza zein kultura eskubideei mespretxua izateaz gain, euskara gure bi hizkuntzetako bat dela ulertzen dugun Nafarroako emakume eta gizonei iraina da ere, defendatu beharreko altxor aberatsa eta bere erabilera bultzatu behar dugun arbasoen hizkuntza baita”.

“Gure kezka agertzen dugu mota honetako proposamenen aurrean, inboluzionistak eta berzentralizatzaileak direlako eta eskubide eta betebeharrak deuseztatzen dituelako, eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideen defentsarekin gure konpromisoa berresten dugu”, amaitu du Geroa Bairen parlamentuko eledunak. 

Izena eman gure buletina jasotzeko