Hualdek egia-, justizia- eta erreparazio-politiken abangoardian kokatu du Nafarroa, eta Francoren diktaduraren banalizazio- edo apologia-diskurtsoen aurrerapenaz ohartarazi d
Erreparazio moraleko 32 ziurtagiri entregatzeko ekitaldia, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen gerizpean
Nafarroako Parlamentuak Erreparazio eta Errekonozimendu Pertsonaleko Deklarazioa entregatzeko beste ekitaldi bat egin du gaurko eguerdian; zazpigarrena izan da, 2011ko abenduaren 15ekoaren (69 eman ziren), 2014ko martxoaren 21ekoaren (32), 2015eko maiatzaren 29koaren (60), 2017ko martxoaren 24koaren (64), 2018ko abenduaren 17koaren (31) eta 2020ko irailaren 30ekoaren ondoren. Gaurkoan, AFFNA-Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Senideen Elkarteko 32 pertsonaren alde egin da; guztiak, Gerra Zibilean eta diktadura-aldian indarkeria edo pertsekuzioa pairatu zuten herritarren ondorengo ahaideak.
Memoria Historikoaren Legearen babesean, Unai Hualdek eman dio hasiera zeremoniari, eta azpimarratu du: “duela urte asko memoriaren arloko elkarte-mugimenduak hasitako bide aitzindarian, batez ere AFFNA36k sustatutakoan, oso garrantzitsua da 2015etik aurrera eman den erakundeen konpromisoa. Memoria, egia, justizia eta erreparazioa edozein demokraziaren berezko balioak dira, eta balio horiek zaintzen eta lantzen jarraitu behar dugu”.
Parlamentuko lehendakariak gogorarazi duenez, Nafarroan, formalki gerra-fronterik izan ez arren, errepresioaren ondoriozko 3.507 hildako kontabilizatu ziren 1936 eta 1948 artean. Datu horiek, erantsi du, “ikerketa baten ondorio dira, Gerra zibilean eta lehen frankismoan (1936-1948) Nafarroan izandako errepresioaren biktimen errolda izenekoa, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak (NUP) egindakoa, Parlamentu honen parte-hartzearekin. Izan ere, Parlamentu hau 2013. urteaz geroztik urtero berritzen joan den esparru-hitzarmen baten bidez laguntza hori emateaz harro dago”.
Esandakoaren harira, Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren lanaren balioa azpimarratu ondoren, eta Estatuko gobernuak Nafarroan garatutako memoria-politikei emandako laguntza aitortu ondoren, Hualdek onartu du “bide luzea dagoela egiteko”, eta ohartarazi du “beste autonomia-erkidego batzuetan memoria-politiketan ematen ari den atzerakadari buruz”, non ikusten baita “gorroto-diskurtsoak eta diktadura frankistaren banalizazio- edo apologia-diskurtsoak ugaritzen ari direla. Gure inguruan alerta asko daude, eta erne egoteko premia larria gogorarazten digute”, egiaztatu du.
Amaitzeko, Hualdek aldarrikatu egin ditu “bakearen eta memoriaren balioak, eta giza eskubide guztiak pertsona guztientzat defendatzea. Memoriarik gabeko herri bat iparrorratzik gabeko herri bat da; horregatik, gaur ministro jauna gure artean dugula baliatuta, berriro gogorarazi nahi dut Sekretu Ofizialei buruzko Legeak, 1968koa den lege batek, indarrean jarraitzen duela, eta lege horrek isilpeko gisa sailkatutako dokumentuak ikertzea galarazten duela. Estatuko artxiboetara sartzeko parametroak gure inguruko Europako estatu demokratikoen parametroekin lerrokatzea lortu arte lanean jarraitzera animatzen zaituztet”.
Unai Hualde