Hualdek ultraeskuinaren gorakadaz ohartarazi eta erakundeek erantzukizunez jokatzea eskatu du, gehiengo sozialaren nahiarekin bat eginik, gorrotoaren eta indarkeriaren adierazpen orori aurka egiteko
Nafarroako Parlamentuak 'Holokaustoaren Memoriaren Europako Eguna' ospatu du
Nafarroako Parlamentuak Holokaustoaren Memoriaren Europako Eguna oroitu du gaur, AFFNA36 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearekin batera antolatutako oroitzapen, omenaldi eta berrespen ekitaldi batekin. Ekitaldia Alison Jayne Wilsonen The Girl from Salonika dokumentalaren emanaldiarekin amaitu da, deportazioaren ondorioen eta nazien esterilizazio esperimentuen zuzeneko testigantza argia izanik.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria arduratu da ekitaldi instituzionala aurkezteaz eta testuinguruan jartzeaz, “egia, justizia eta erreparazioa” printzipioa lantzen jarraitu beharrarekin lotuta, kasu horretan nazien basakeriari, alegia, milioika pertsona euren jatorri hutsagatik erailtzeko ankerkeriari dagokionez.
Unai Hualderen arabera, halako basakeriarik “berriz gertatuko ez dela bermatzeko” ezinbestekoa da “gertatutakotik ikastea”, are gehiago gaur egungo agertokian, non “nazismoaren gorakada” nagusitzen ari dela baitirudien; Palestinan ere agerikoa da hori, “sarraskiaren bidez estatu bat eta haren biztanleria desagerrarazteko saiakeraren lekuko ari baikara izaten: genozidio bat mundu guztiaren aurrean”, berretsi du.
“Ankerkeria horien guztien aurrean”, eta “ultraeskuinaren gorakada” kontuan hartuta, presidenteak bere egin du herritarren “gehiengo zabalaren” irrika, “gorrotoaren eta indarkeriaren edozein adierazpenen aurka jardutea” eskatzen baitute pertsona gehienek; gainera, “erantzukizun instituzionala” eskatu du, bakean eta bizikidetzan funtsatutako gizarterako bidea errazteko. “Nafarroa beti izan da aitzindaria pertsona guztientzako eskubide guztien defentsan, baita memoria betebeharraren eskakizunean ere”, gaineratu du.
Horri dagokionez, eta AFFNA36 eta Amical de Mauthausen —1962an Bartzelonan klandestinoki sortutako elkartea, nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako errepublikano espainolen adiskide eta senideak eta haietatik bizirik atera ziren pertsonak elkartzeko asmoz— taldeek emandako laguntzagatik eskerrak eman ondoren, Unai Hualdek gogoeta egiteko eskatu du, The Girl from Salonika lanaren gainean, “etika medikoaren garrantziari eta gizatasunez gabetutako ideologien arriskuari” buruzko aztarna oso baliotsua da eta.
Horren ondoren, Amaia Lerga AFFNA36ko presidenteak hartu du hitza, eta gogora ekarri du Holokaustoa eta nazien kontzentrazio sistema “ez zirela ezerezetik sortu; aitzitik, ideologia faxisten, erregimen autoritarioen eta erabaki politiko oso zehatzen emaitza izan ziren”.
Testuinguru horretan, Lergak hizpidera ekarri du “hainbat hamarkadatan isildutako egia historikoa, frankismoa aktiboki aritu zela lankidetzan Alemania naziarekin. Errepublikazale espainiar asko, estatu kolpetik eta errepresio frankistatik ihes egin ondoren, Frantziako zenbait esparrutan barneratu zituzten, adibidez, Gursen. Erregimen frankistak abandonatu egin zituen eta nazionalitatea ukatu zien; horregatik, aberrigabeen triangelu urdina zeramatela deportatu zituzten. Gogoratzea erresistentzia ekintza da, memoriarik gabe ez baitago erabateko demokraziarik”.
Horrela, Holokaustoaren Biktimen Oroimenezko Nazioarteko Egunaren manifestua bere eginda —‘Belaunaldiak elkartuz’ du izena, eta Amical de Mauthausen elkarteak bultzatzen du–, AFFNA36ko bozeramaileak “kontzienteak eta konprometituak izanik gaur egungo munduaren konplexutasuna ulertzeko gai diren herritarrez osatutako gizarte bat eraikitzearen” alde egin du, izan ere, “gaur egun milioika pertsonari beren eskubideak eta bizitzak suntsitzen zaizkie, besteari gizatasuna kentzen dioten interesen izenean”.
Amaia Lergak nazismoaren biktima izandako nafarren omenezko oroigarri bat sortzeko eskatu du; izan ere, Lergaren hitzetan, “kontua ez da aintzatespen hutsa egitea, baizik eta bermatzea Nafarroak presentzia izanen duela biktima nafarrak egon ziren lekuetan. Legea aplikatu egin behar da, eta memoria benetako konpromiso bihurtu. Indarkeria erlatibizatzea, justifikatzea edo hutsaltzea lehen urratsa da iraganeko akats berberak egiteko, batik bat oraingo testuinguruan, zeina militarizazioak eta tentsio geopolitikoak markatuta baitago. Memoria behar-beharrezkoa da gaur den egunean, sekula baino gehiago”, berretsi du.
Ondoren, Juanfran Murillo Amical de Mauthausen elkartearen EAEko eta Nafarroako ordezkariak The Girl from Salonika aurkeztu du. Alison Jayne Wilsonek zuzendutako dokumental honek Mazaltov Fofo Behar greziarraren benetako istorioa kontatzen digu: 17 urte zituela, Auschwitz-Birkenaura deportatu zuten, eta bertan, nazien esterilizazio esperimentuen biktima izan zen Horst Schumann medikuaren erruz. The Girl from Salonikak 10. Blokearen barruan filmatutako irudi argitaragabeak biltzen ditu; protagonista izan zen handik bizirik atera ziren bakanetako bat.
2005eko urtarrilaren 27an, Europako Parlamentuak urtarrilaren 27a Holokaustoaren Memoriaren Europako Eguna gisa ezartzea onetsi zuen, egun horretan bukarazi baitzen Auschwitzeko deuseztatze esparrua, bai eta milioika pertsonak pairatutako Holokaustoa ere.
Nafarroako Parlamentuak bat egin du biktima horien oroimenezko halako ekitaldiekin, eta, horrenbestez, baita Europar Batasuneko kide diren herrialdeetako beste gobernu eta parlamentu batzuekin, nola estatu mailakoekin hala eskualde esparrukoekin.
Ganberaren aburuz, aukera bikaina da nafarrek Holokaustoaren izugarrikeria eta tragedia latza gogoratu eta gaitzetsi dezaten, bai eta ikas dezaten ere pertsonak arrazagatik, jatorri etnikoagatik, erlijioagatik, klase sozialagatik, sinesmen politikoengatik edo sexu orientazioagatik jazartzeak zer-nolako arriskuak dakartzan.
Horri dagokionez, Parlamentuak urtero azpimarratzen du “Holokaustoa gogoratzen jarraitzea garrantzitsua” dela, bai eta “munduko edozein bazterretan giza eskubideen aurka gauzatutako agresio eta urraketa oro, pertsonen duintasunari erasotzen baitiete halako ekintzek, herritar gisa dituzten edo ukan beharko lituzketen oinarrizko eskubide eta askatasunak deuseztatzeaz edo kaltetzeaz gainera”.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, hauek: Maite Esporrín Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea; Isabel Olave (UPN); Ramón Alzórriz (PSN); Irati Jiménez (EH Bildu); Mikel Asiain (Geroa Bai); Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin); Patxi Vera Nafarroako Arartekoa; eta Martín Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi
Unai Hualde