Itzuli

Mikel Armendariz (Geroa Bai) "Ibarrolaren eta Adaneroren dimisioa eskatzen dugu, politikan denak ez duelako balio. Ez du balio sexu-eraso bat erabiltzea zarata egiteko. Dimisioa eman behar dute ".

Mozio bat aurkeztuko dute urtarrileko Osoko bilkuran, dimisioez gain, sexu erasoen inguruko informazioen trataerari buruzko hausnarketa eskatuz ere

    Mikel Armendariz Mikel Armendariz
     

    Iruñeko gobernu taldea osatzen duten hiru formakuntza politikoek (Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin), Cristina Ibarrola UPNko bozeramailearen eta Carlos García Adanero PPko bozeramailearen dimisioa eskatuko dutela iragarri dute, urtarrilean egingo den hurrengo Udalbatzan egingo dutelarik. Bi bozeramaileek agertutako “arduragabekeria” da honen arrazoia, hirian pasa den urriaren 23an jazo zen sexu erasoaren inguruko informazio ez-kontrastatua erabili baitzuten, pertsona etorkinak kriminalizatzeko diskurtso xenofoboak eraikitzeko.

    Pasa den ostiralean Emakumearekiko Indarkeriaren Iruñeko 1 zenbakidun Auzitegiko epaileak lau atxilotuak aske uzteko erabakiaren ondoren dator iragarpen hau, DNA frogek sexu erasotik errugabetu baitituzte auziperatuak.

    Mikel Armendarizen arabera “politikan denak ez du balio. Ez da zilegi sexu eraso bat erabiltzea iskanbila sortzeko, susmoak elikatzea ez da zilegi, eta kaltea eginda dagoenean ezkutatzea ez da zilegi. Gogorarazi nahi dut Ibarrolak eta García Adanerok sare sozialetan emandako mezu kopuruarekin, gaur egun, informazio berri hauei buruz ez dutela ezer ere esan”.

    Iruñeko Geroa Bairen bozeramailearen hitzetan, “alderdi politikoei honakoa esaten diegu: nahikoa da mina instrumentalizatzen aritzeari, nahikoa da beldurra hauteskunde tresna moduan erabiltzeari eta nahikoa da errutasun presuntzioarekin jolasten aritzearekin frogarik ez dagoenean. Komunikabideei zera esaten diegu; informatzea ez da zurrumurruak hedatzea ez eta kontrastatu gabeko istorioak eraikitzea. Hitzek axola dute, eta huts egiten denean, mina atzeraezina da. Are gehiago informazioaren eta komunikazioaren garai honetan. Eta Iruñeko gizarteari funtsezkoa den gauza bat eskatzen diogu, ez dezala seinalamendua onartu egiaren ordezko moduan”.

    “Gertakari hauek lezio moduan balio behar digute, frogarik gabe inor sozialki ez kondenatzeko, zuhurtziaz eta arduraz jokatu behar dugu beti honelakoak bezalako gertakarien aurrean”, adierazi du Armendarizek.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko