Igande honetan Atarrabian ospatuko den Nafarroa Oinezen parte hartzera deitu du Geroa Baik
Koalizioaren arabera, “urteetan zehar euskararen alde eta irakaskuntza eredu kooperatibo bat sendotzeko lan egin duten milaka nafar familien esfortzu kolektiboaren fruitu da Nafarroa Oinez”
Geroa Baik Nafarroako herritar guztiak animatzen ditu 2025eko Nafarroa Oinezen parte har dezaten. Aurtengo edizioa Atarrabian ospatuko da, ‘Buruz, Bihotzez, Oinez’ lelopean eta Paz de Ziganda ikastolak antolatua. Geroa Baik adierazi duenez, jardunaldi honek “euskararekin konpromisoa aldarrikatzeko balio behar du, bizikidetzarako hizkuntza baita, mundura irekia eta etorkizunari lotua”.
Koalizioak Nafarroa Oinez honen ospakizuna aprobetxatu nahi du “ikastolek euskararen alde burutzen duten lanaren balioa” azpimarratzeko, bai eta “hezkuntzaren alde eta bizikidetzaren alde egiten dutena ere, aldi berean Nafarroaren garapen kultural eta soziala mesedetuz gainera”. Geroa Bairen arabera, “urteetan zehar euskararen alde eta irakaskuntza eredu kooperatibo bat sendotzeko lan egin duten milaka nafar familien esfortzu kolektiboaren fruitu da Nafarroa Oinez, horrek gure Foru Komunitateko kohesio soziala modu erabakigarrian mesedetzen duelarik”.
“Nafarroa Oinez jai bat baino askoz gehiago da”, adierazi du koalizioak, aldi berean gaineratuz “hizkuntzarekin dugun konpromisoaren adierazpena eta jardunaldi ireki, inklusibo eta parte hartzaile batekin gozatzeko aukera” dela.
Horregatik guztiagatik, koalizioak pertsona guztiak animatzen ditu, euskaldunak izan edo ez, Atarrabiara hurbildu daitezen eta jarduera ezberdinetan parte har dezaten, “horrela, Nafarroa osoak bere hizkuntza aniztasunarekin eta bere etorkizun amankomunarekin duen konpromisoa islatzen duen jai honetan elkarrekin parte hartuz”. Antolatzaileei eta parte hartzaile guztiei Nafarroa Oinez 2025 arrakastatsu eta ilusioz beterikoa opa die Geroa Baik.