Itzuli

Igande honetan Zangozan egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera deitu du Geroa Baik

Koalizioaren aburuz egun honek euskararen normalizazio eta sustapenarekiko konpromisoa aldarrikatzeko balio behar du

    Igande honetan Zangozan ‘Piztu!’ lelopean egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera deitu du Geroa Baik. Koalizioaren aburuz festa egun honek “euskara bezalako gure hizkuntza propio batekin konpromisoa aldarrikatzeko balio behar du, baina baita ere auzolanaren balioa azpimarratzeko, Zangozako ikastolaren historian hainbestetan egin izan den moduan”.

    Halaber, “Zangozako Ikastolak 46 urte hauetan zehar eskualdean euskararen birbalorizaziorako egin duen lana” nabarmendu nahi du Geroa Baik. Koalizioak ziurtatu duenez, “euskarak Nafarroan pertseberantzia eta konpromiso dosi handiak behar izan ditu eta oraindik ere behar ditu hizkuntza honetan bizi nahi dugunon aldetik”. Horregatik, “ikastolen ekarpen garrantzitsua nabarmendu eta eskertu beharra dago”, adierazi du.

    Zentzu honetan Geroa Baik azaldu duenez, “asko da azken urteetan euskararen normalizazio eta sustapenaren esparruan aurreratu dena, baina asko da ere oraindik egiteko dagoena”. Horregatik, “euskarak presentzia sozial handiagoa eduki dezan lanean jarraitzeko asmo osoa” agertu du Geroa Baik, “aukerak sortuz, horrela, hala nahi duenak, euskara esparru sozial guztietan erabiltzeko aukera eduki dezan”.

    Bestalde, “Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortzeko eta bermatzeko” konpromisoa berretsi du koalizioak. Geroa Bairen arabera, “euskara bizikidetzarako hizkuntza moduan ulertu beharra dago, mundura irekia eta etorkizunera lotua”. Era berean, “eztabaida alderdikari eta alderdikoietatik aldentzeko” apustua egin du beste behin Geroa Baik, horrela “oinarrizko adostasunetatik aurrera egiten jarraitzeko”.

    Horregatik guztiagatik, asteburu honetan Zangozara joateko deia egiten du Geroa Baik, Nafarroa Oinezen aurreikusten diren ekitaldietan parte hartzera, “hori baita milaka familiek Nafarroan euskararen alde egiten duten lan desinteresatuaren garrantzia aitortzeko modurik onena”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko