Igande honetan Zizurren egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera deitu du Geroa Baik
Ikastolen eredu kooperatiboa nabarmendu du koalizioak eta euskararen erabilera esparruak hedatzen jarraitzea defendatu du, nafar gizartearen aniztasunari begirunez
Igande honetan, urriak 18, egingo den Nafarroa Oinenez parte hartzera deitu du Geroa Baik, aurtengoan Zizur Nagusian egingo delarik “Bidean bat gara” lelopean.
Nafarroa Oinezek jai girotik haratago duen garrantzia azpimarratu nahi du koalizioak, euskararen lekukoarekin eta belaunaldi berrien artean bere biziraupenarekin milaka nafar familiek izan duten konpromiso etengabea islatzen baitu.
Ospakizun honen atzean dagoen esfortzu elkarbanatua azpimarratu du Geroa Baik, familien, boluntarioen eta ikastoletako hezkuntza komunitatearen inplikazioaren fruitu baita. Horrela, ikastolen eredu kooperatiboaren ekarpena nabarmendu du, amankomuneko hezkuntza eta kultura proiektu baten inguruan antolatzeko nafar gizarteak duen gaitasuna frogatzen duen lan kolektiboa baita, euskarari balio handiagoa emanez.
Zentzu honetan, euskararen promozio eta normalizazioan azken urteetan eman den bilakaera, aurrera egiten jarraitzeko pizgarria da, hizkuntza hau erabiltzeko aukerak hedatzeko, lana behar duten esparruak baitaude oraindik.
Horregatik, euskarak bere erabilerarako esparru eta aukerak edukitzeko lanean jarraitzeko borondatea berretsi du Geroa Baik, euskara ikasi, hitz egin edo bere egunerokoan sartu nahi duen edonork normaltasunez egin ahal dezan. Hizkuntzaren ezagutza sustatzeko eta bere erabilera errazteko politika publikoetatik garatu beharra dago konpromiso hau, Nafarroaren errealitate anitza kontuan hartuz beti.
Azkenik, aurtengo festa antolatu duten ikastolei aitortza helarazi nahi die Geroa Baik, bai eta Nafarroako Ikastolen Federazioari, familiei eta ospakizun hau ahalbidetzeko hilabetetan zehar lan egin duten pertsona guztiei ere. Era berean, hezkuntza, kultura, partaidetza eta euskararekin konpromisoa uztartzen dituen egun hau gozatzera animatzen du Geroa Baik.