Ikerketa batzordearen sorrera bultzatu du Geroa Baik, gardentasuna, zorroztasuna, kontu ematea eta kontrol demokratikoa lortzeko helburuarekin
Guardia Zibilaren UCOren txostenean agertzen diren enpresei egindako esleipen publikoak ikertzeko Nafarroako Parlamentuko Ikerketa Batzordea ostegun honetan eratuko da, uztailak 3, eta bere lan plana abuztuaren 5ean onartuko du, astelehen honetan Foru Legebiltzarreko Mahai eta Eledunen Batzarrak adostu duenez.
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen bozeramaileak gogorarazi du Geroa Baik ikerketa batzorde honen sorrera bultzatu duela “gardentasuna, zorroztasuna, kontu ematea eta kontrol demokratikoa lortzeko helburuarekin”.
Auzi honetan gertatu daitezkeen gorabeheren arabera irekita dagoen batzordea dela gogorazi du, bai eta azkeneko lau legegintzaldiak hartuko dituela.
Bestalde, ikerketa batzordeaz gain, gogorarazi du pasa den ostiralean Geroa Bairen ekimen bat onartu zela Nafarroak ECOFINen ahots propioa eta botoa edukitzeko, eta ildo honetan Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “Nafarroan agenda politikoaren gai tronkalak daude eta ezin dira paralizatu, herritarrei erantzunak emateko garrantzitsuak direla baiteritzogu”. Horrela hainbat ekimen ekarri ditu gogora, hala nola alor fiskaleko agenda politikoa, baina baita ere egiteke dauden lege garrantzitsuak ere, besteak beste Industria legea, Osasunaren foru legea edo Landa garapenaren eta Despopulazioaren legea. Azconaren arabera “ezin dugu lan hau albo batean utzi, alderdi sozialistari eragiten dion trama honen erantzukizunak, egotekotan, argitzen diren bitartean”.
Pablo Azcona