Inbertsio industrial estrategiko bat Nafarroara erakartzea ahalbidetu duen Foru Gobernuaren lana eta politika industriala goraipatu ditu Geroa Baik
Koalizioaren iritziz berri ezin hobea da energia metatzeko proiektuaren iragarpena eta Mikel Irujok zuzentzen duen departamentuak bultzaturiko industrializazioaren eta berrikuntzaren aldeko apustua azpimarratu du
Geroa Baik oso modu positiboan baloratu du HiTHIUM Energy Storage enpresak energia metatzeko sistemen bere Europako planta Nafarroan instalatzeko proiektu industrialaren iragarpena. Koalizioaren aburuz erabaki hau berri ezin hobea da Foru Komunitatearen garapen industrialarentzako eta Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentutik egindako lanaren garrantzia azpimarratzen du ere.
Geroa Baitik modu berezian nabarmendu dute Mikel Irujo kontseilariak eta bere lantaldeak Nafarroara gainbalio handiko proiektu industrialak erakartzeko azken urteetan garatu duten lana. “Proiektu hau etengabeko estrategia baten emaitza da, lan instituzionalean eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritua, bai eta Nafarroa lurralde industrial lehiakor moduan nazioartean proiektatu izanaren emaitza ere”, azpimarratu du.
Enpresarekin harremana eraikitzeko prozesua urte ugaritan zehar garatu dela azpimarratu du koalizioak, lan tekniko eta instituzional handiarekin, bilera askorekin eta bai Nafarroara bai eta Txinara ere egindako bisita ugarirekin. Geroa Bairentzako, denboran zehar jarraitua izan den esfortzu eta konpromiso honek frogatu egiten du politika industrial aktiboa edukitzeak duen garrantzia, inbertsioak erakartzeko tresna publikoekin, hots Sodena.
Halaber, proiektu honek Nafarroarentzako aukera garrantzitsua ekarriko duela nabarmendu du koalizioak, izan ere 700 lanpostu sortuko ditu sektore estrategiko batean, energiaren metaketaren sektorean alegia, trantsizio energetikoan aurrera egiteko gako den alor industriala izanik, bai eta berrikuntza teknologikoaren alde egiten duten ekonomien lehiakortasuna sendotzeko ere.
Zentzu honetan, planta honen instalazioak inbertsio industrial nabarmena eta enplegu kualifikatuaren sorrera ekarriko duela azpimarratu du Geroa Baik, bai eta ezagutzaren, berrikuntzaren eta energiaren balio kateari loturik dagoen jarduera ekonomikoaren garapenerako aukera berriak ireki ere.
Mota honetako ekimenek Nafarroako ekoizpen sarearen industrializazio eta modernizazio estrategia sendotzen laguntzen dutela nabarmendu nahi izan du ere koalizioak, Foru Komunitatea etorkizuneko eta nazioarteko proiekzio handiko sektoreetan kokatuz.
Azkenik, proiektu hau bere osotasunean gauzatzeko pauso garrantzitsuak falta direla azpimarratu dute Geroa Baitik, baina erakunde guztien eta enpresaren arteko lankidetzan bere konfiantza agertu du Nafarroarentzako estrategikoa den aukera honetan aurrera egiteko. Halaber, Industria Departamentutik garatu den lanari bere aitorpena berretsi dio, berrikuntzan, jasangarritasunean eta kalitatezko enpleguan oinarrituriko eredu ekonomiko bat bultzatzen jarraitzeagatik.
Prentsa bulegoa, 2026-03-10