Indarkeria matxistaren uda tragikoaren aurrean babes mekanismoak sendotzea eskatu dio Barkosek Gobernu zentralari
VioGén sistemaren eraginkortasunari buruz galdetzen dio Exekutiboari eta arrisku handieneko egoeren balorazio eta jarraipen mekanismoak berrikustea planteatzen du
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Gobernuari zuzenduriko galdera sorta bat erregistratu du uda honetan zehar erregistraturiko hilketa matxisten balantze tragikoaren aurrean, prebentzio eta babeserako gaur egun dauden mekanismoen eraginkortasunari buruz Exekutibo zentralak egiten duen balorazioa zein den ezagutzeko helburuarekin, bai eta horiek sendotzeko zein neurri aurreikusten dituen jakiteko ere.
Barkosen iritziz, azken asteotan jazotako hilketek “beharrezkoa egiten dute prebentzio, detekzio eta babeserako mekanismoek, arrisku handieneko egoeran dauden emakumeek behar duten erantzuna eskaintzen ari ote duten zorroztasunez analizatzea”.
Zentzu honetan, senatariak galdera zuzentzen dio Gobernuari “VioGén sistemak arrisku handieneko egoeratan eraginkortasunez erantzuten ari ote duen jakiteko eta bere balorazio eta eguneratze irizpideak berrikustea aurreikusten ote duen ere”.
Ildo honetan berean, Barkosek Exekutiboari galdetzen dio ea “VioGén-en irizpideak berrikustea aurreikusten ote duen, bereziki erasotzaileak aurretik izandako bikoteekin genero indarkeriaren aurrekariak dauden kasuetan”.
Honi dagokionez Barkosek azpimarratu duenez, “arriskuaren balorazioak, indarkeria egoera bat aurretiaz antzemateko eta babesa sendotzeko inguruabar eta elementu guztiak kontuan hartzeko gai izan behar du”.
hilketa matxistak analizatzeko Berdintasun Ministerioak deitutako azken krisi-batzordeetan jorratutako gaiak aipatzen ditu ere Barkosek. Horien artean, biktimen erabakietako batzuk, hala nola salaketa bat kentzeak edo urruntze agindu bati uko egiteak, modu automatikoan haien babesa murriztea ekiditeko beharra.
Horregatik, Geroa Baiko senatariak Gobernuari galdetzen dio “zein neurri zehatz hartuko dituen inguruabar hauek analizatu daitezela bermatzeko, emakume bakoitzaren indarkeria testuingurua eta arrisku egoera kontuan hartuz”.
Honi dagokionez, Geroa Baiko senatariak ohartarazi duenez, “emakume baten babesa ezin da salaketa baten mantentzean edo neurri jakin batean oinarritu, izan ere beldur, presio edo zaurgarritasun egoera baten menpe egon daitekeelako hain zuzen ere”.
Azkenik, Barkosek Gobernua premiatu du uda honen balantze tragikoaren aurrean “gaur egun dauden tresnen ebaluaketa xehea eta zorrotza egin dezan, bai eta arriskuaren prebentzioa eta balorazioa sendotzeko neurri zehatzak egin ditzan ere”. “Hilketa matxista bakoitzak erantzun sendo eta tinkoa behar du, baina era berean erakundeak behartu egiten ditu, hobetu daitekeenaren etengabeko analisia egitera lehenago ekiteko eta hobeto babesteko helburuarekin”, ziurtatu du foru senatariak.
Uxue Barkos