Industria, osasuna, etxebizitza, fiskalitatea eta autogobernua nabarmendu ditu Geroa Baik 2025 urterako erronka nagusi moduan
Koalizioaren lehentasunen zerrendan landa garapen eta despopulazioaren legea, bizikidetza eta euskara daude
Pablo Azcona Geroa Baiko eledunak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan 2025 urterako erronka nagusiak azaldu ditu. Horrela, enplegua eta Nafarroako industria mahaigaineratu ditu lehenik, arreta BSH lantegiaren etorkizunean jarriz nagusiki. Osasun alorra nabarmendu du ere, eta Osasun Lege berria aurrera ateratzeko pausoak ematearen garrantzia azpimarratu du, herritarren beharrizanei erantzuna emanez osasun zerbitzu publikoa sendotu beharko du. Era berean, etxebizitza lortzeko dauden zailtasunak aipatu ditu Azconak, horiek konpontzea lehentasun politiko moduan agertuz, eta zentzu honetan, lehen mailako arazoa dela agertu du eta programa akordioa bete dadin eta alor honetan hartu beharreko neurriak hartzeko Geroa Bai lanean arituko dela iragarri du.
Era berean, 2025 honetan Landa Garapen eta Despopulazioaren Foru Legea bezalako lege garrantzitsuen garapenerako behin betiko pausoak emateaen beharra aipatu du Geroa Baiko bozeramaileak. Zergen inguruko eztabaida izan da Pablo Azconak nabarmendu duen beste erronketako bat. Azpimarratu duenez, Geroa Baik eztabaida horri heltzeko beharra aldarrikatzen jarraituko du, izan ere, “fiskalitatea da aberastasuna birbanatzeko tresnarik hoberena”. Eztabaida horrek, parlamentuko eledunak nabarmendu duenez, “lanaren errenta ertain eta baxuak kontuan hartu beharko ditu”. Lehentasunen artean ere bizikidetza eta euskara aipatu ditu, eta azkenik autogobernua. Egin gabe dauden eskumen-transferentzien garrantzia azpimarratu du, bai eta Hitzarmen Ekonomikoaren 2025-2029 bosturtekoaren eguneratzea ere. “Negoziaketa horretarako tinkotasuna eta anbizioa eskatuko diogu Nafarroako Gobernuari”, ziurtatu du.
Beste gai batzuen artean, Geroa Baik datorren asteko kontrol saiora eramango dituen galderak zerrendatu ditu Azconak. Horrela, Geroa Baik Ana Ollo lehendakariordeari egingo dio galdera, bere departamentuak aurten oroimenaren alorrean martxan jarriko dituen neurriei buruz jakiteko. Era berean, Chivite lehendakariari zuzenduko zaio ere, Pradales lehendakariari eta Kanarietako presidenteari aurkeztu dien migrazioaren kudeaketari buruzko akordio proposamena azal dezan. Azkenik, Barne kontseilariari ere galdera egingo dio, gidabaimenerako azterketa praktikorako aztertzaile gabezia konpontzeko bere Departamentuak Barne Ministerioarekin batera ematen ari dituen pausoak azal ditzan.
Pablo Azcona