Itzuli

Intentzio suizidak dituzten pertsonei arreta emateko telefono bat eskatu dio Koldo Martínezek Gobernu zentralari

Buruko Osasunean Estrategia berri bat lantzea eskatu du ere, aurrekoa duela zortzi urte iraungi ondoren

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak mozio bat erregistratu du Goi Ganberan, Gobernu zentrala premiatuz intentzio suizidak dituzten pertsonentzako arreta hobetu dezan. Egunero bataz besteko hamar suizidio erregistratzen dira Espainian, bi ordu eta erdiro. 2019 urtean, INEren azken datuen arabera, 3.671 suizidio eman ziren, hau izanik heriotza ez-naturalaren arrazoi nagusia 2008 urtean trafiko istripuak gainditu zituenetik. Gaur egun zifra hori bikoiztu egin da.

    Bere mozioan Koldo Martínezek azpimarratu duenez, Espainiak buruko osasunean defizit argia du, EBko beste herrialdeek bideratzen dituzten baliabideei dagokionez. Espainia, gainera, suizidioaren prebentziorako plan nazionalik ez duen gure inguruko herrialde bakarra da. Pandemiak sortutako angustia egoerek eragindako suizidioen gorakada baten beldur dira adituak, gazteenen artean autolesioak eta suizidio saiakerak areagotuz.

    Panorama honen aurrean Geroa Baiko senatariak gogorarazi du Osasungintza Sistema Nazionalaren Buruko Osasunerako Estrategia duela zortzi urte iraungi zela eta epealdi honetan egon diren gobernu ezberdinak estrategia hori eguneratzeko ezgai izan direla, ez eta bere baitan suizidioaren prebentziorako, pertsonaren laguntzarako eta senitartekoei laguntza emateko programen garapena sartzeko ere.

    Horregatik planteatu du Senatuan mozio hau, Gobernuak “sei hilabeteko gehienezko epean, autonomia erkidegoekin koordinaturik, Osasungintza Sistema Nazionalaren Buruko Osasunerako Estrategia berria burutu dezan, duela zortzi urtetik hona egiteke baitago eta diziplina ezberdinetako profesionalek denbora luzea daramatelarik lanean. Estrategia horren baitan, buruko osasunaren beste alor ezberdinekin batera, suizidioaren prebentziorako, pertsonari laguntzarako eta senitartekoei laguntza emateko programen garapena sartu beharko dira”. 

    Era berean, “harremanetarako telefono bat martxan jartzea” eskatu du ere Koldo Martínezek, “honek zenbaki bakarra edukiko duelarik, genero indarkeriaren biktimei arreta ematen dien telefonoaren antzera, ideia suizidak dituztenei laguntza eskainiz eta familiei eta egoera horiek antzeman dituzten ingurukoei laguntza emateko ere. Laguntzarako sistema honek egitura soziosanitario egokia edukiko du, bai eta dagokion aurrekontu atala ere, prebentzioa eta bitartekaritza modu eraginkorrean jarduteko. Halaber, laguntza eskatuz deitzen duenak aukeratutako hizkuntzan arreta ematea ahalbidetuko da ere”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko