Itzuli

Geroa Baik, EH Bilduk, PSN-PSOEk eta Contigo-Zurekinek ikerketa batzorde bat eskatu dute Navarra Sumak Media Lunako txaletei espedienterik gabe eta altxor publikoaren kontura aparkalekuak lagatzeagatik

Udal txosten batek irregulartasun horiek egiaztatu ditu, eta proposatzaileek erantzukizun politikoak argitzea eskatu dute, aurreko gobernuko lau karguri eragingo lieketenak, besteak beste, Javier Labairuri eta Fermín Alonsori.

    (pdf) - 2026 / 10 / 30
    Eskaera egin duten lau alderdiek ikerketa batzorde bat martxan jarri nahi dute gertatutakoa ezagutu eta Media Lunako txaletei espedienterik gabe eta altxor publikoaren kontura aparkalekuak lagatzeagatik egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko. Lagapen hau, Zezen Plazako parkingean 2022ko urtarrila eta ekaina bitarte eta Salesianos dorreen obren testuinguruan kokatzen dena, udal zerbitzu juridikoek ikertu ondoren, irregulartasun garrantzitsuak daudela baieztatu dute: “Ez dago administrazio espedienterik” eta “dagoen dokumentazioa, instantziaren aurretikoa (…), posta elektronikoetara mugatzen da”.

     

    Ikerketa horrek, zeinetan lau alderdien eskaera oinarritzen den, abonu horien lagatzeak (17 guztira) 10.800 euroko faktura bat eragin zuela esaten du; zerbitzuaren enpresa emakidadunak, Acvil Aparcamientos S.L., Udaletxeari horren ordainketa eskatzen dio. Txostenak dioenez, operazioak gutxienez arloko bi zuzendariren oniritzia izan zuen (Patxi Fernandez, Herritarren Segurtasunekoa, eta Alejandro Astibia, Proiektuetakoa) eta, subsidiarioki, bi zinegotzi ordezkariena (Javier Labairu, gaur egun Iruñeko zinegotzia UPNtik, eta Fermin Alonso, UPNko zinegotzi ohia, gaur PPan). Proposamena egin dutenen iritziz, Enrique Mayaren (UPN) azken gobernuko kargu horien aldetik ardura politikorik dagoen zehaztu beharko luke ikerketa batzordeak.

     

    Zerbitzu juridikoen txostenean oinarrituta, proposamenak dio “frogatutzat jo daitezkeen gai batzuk daudela eta, aldi berean, argitu beharreko zenbait zalantza geratzen direla”. Azken horien gainean, idatziak honako hau dio: “kontratazio horren garapen zehatza eta kontratu horretan aipatutako zinegotzi delegatuek izan zuten papera, eta hori bereziki kontuan hartzekoa da Udal honentzat, gutxienez bi arrazoirengatik: beharrezkoa delako kargu instituzional edo/eta konfiantza politikoko kargu baten egikaritzan arauz kontrako jarduketa bat argitzea; eta irekita eta berretsita dagoelako inolako espediente administratibotan babesik gabeko kontratu baten gaineko zenbatekoen erreklamazioa”.

     

    Geroa Baik, EH Bilduk, PSN-PSOEk eta Zurekin taldeak egindako proposamen bateratua Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoaren 113. artikuluan oinarritzen da eta lehenik Lehendakaritza Batzordean eztabaidatuko da (datorren asteartean) eta, ondoren, azaroaren 4ko osoko bilkuran. Zehaztu duenez, “Salesianoseko dorreen urbanizazio obrei dagokienez, auzotarrentzako eta Media Lunako txaletetako enpresentzako aparkaleku plazen kontratua ikertzea” du xede, eta auziak “udalaren arreta berezia” merezi duela defendatzen du, “aurretiazko ikerketa izapidean irregulartasun larriak daudela ezarri delako, irregulartasun horiek udal eskumenen esparruan gertatu direlako eta, gainera, zor batzuk utzi dituztelako, zeinei aurre egin beharko geniekeen diru publikoarekin”.

    Batzorde horren parte izango lirateke “batzorde iraunkorretarako ezarritako ordezkaritza bera, Alkatetzak izendatua Udal Talde bakoitzeko Bozeramaileak proposatuta”. Lehendakaritza ere Alkatetzatik izendatuko litzateke.

     

    Saioen egutegiari dagokionez. Proposamenaren arabera, “Bozeramaile Batzordeak zehaztuko ditu”. Hori bai, “hauteskunde garaian gaudenez batzorde hau eratzeko saioa azaroaren 29a pasa arte atzeratu beharko da”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko