Irango gerrak eragindako salneurrien gorakadak kaltetutako sektoreak laguntzeko neurriak analizatzearen alde egin du Geroa Baik
Aste honetan bertan hasiko den Korrikan parte hartzeko deia egin du Pablo Azconak
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak, Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, Nafarroaren eta Ogasun Ministerioaren arteko akordioaren garrantzia azpimarratu du, Nafarroak 2024 urteko superabitak inbertsioetara bideratzeko aukera edukiko baitu. Azconak gogorarazi du inbertsiorako ahalmena 271 milioi euroraino areagotuko dela eta honek proiektu estrategikoak bultzatzeko eta aurreikusitako inbertsioak optimizatzeko balio beharko duela.
Geroa Bairen bozeramaileak azpimarratu duenez, honakoa berri ona da baliabide publikoentzako, ziurgabetasun une batean gainera, eta zentzu honetan adierazi du Geroa Baik beharrezkoa deritzola Irango gerrak eragindako salneurrien gorakadak kaltetu ditzakeen sektoreentzako laguntza neurriak analizatzea.
Beste gai batzuen artean, astearte honetan, martxoak 17, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata aldarrikatzeko egingo den greba aipatu du Azconak. Bozeramaileak azpimarratu du kalean dagoen aldarrikapena dela, eta Geroa Baik EH Bildurekin batera eraman zuen Parlamentura bertan eztabaidatzeko, baina baztertua izan zen.
Bestalde, Geroa Bairen bozeramaileak aste honetan bertan hasiko den Korrika aipatu nahi izan du ere. Bertan parte hartzeko deia egin du eta Parlamentuak aurtengo edizioan parte hartuko duela balioetsi du.
Espainiar Konstituzioaren 4. Xedapen Iragankorraren indargabetzearen aldeko jarrera hartzeko UPNk aurkeztutako adierazpenari dagokionez, Azconak azaldu du Geroa Baik aurka bozkatu duela, hura indargabetzea Nafarroako herritarrei erabakitzeko ahalmena kentzea baita. Azaldu duenez, “Laugarren Xedapen Iragankorrak ez du inor ezertara behartzen, bai ordea, egunen batean nafar gizarteak bere etorkizun instituzionalari buruzko erabakia hartu nahi badu, modu demokratikoan egin ahal izatea bermatzen du”. “Hori kentzea Nafarroari erabakitzeko ahalmena kentzea izango litzateke”, azpimarratu du Azconak, aldi berean salatuz “UPNk Nafarroarengan eta bere foru erregimenarengan konfiantza duela esaten duela, baina Nafarroaren etorkizuna erabakitzeko mekanismo demokratiko bat agertzen denean, proposatzen duen lehen gauza, hori deuseztatzea da”.
Azkenik, erlijio irakasleei buruzko lege proposamenari buruz galdeturik, Azconak azaldu du Geroa Baik beti bete duela programa akordioa. Azconak nabarmendu duenez, “hasieratik esan dugu beharrezkoa deritzogula lan eskubideak bermatzea; bereziki pertsona prekarizatuenena eta jubilaziotik gertuen daudenena; gainera, mundu guztiak zekien, modu publikoan esan genuelako, zer egingo genuen eta zer aurkeztuko genuen”. “Horregatik, ez dugu ulertzen lege proposamena aurkeztu dutenen jarrera, bereziki, gure zuzenketek hori bermatzen zutelako: ez zedila inor kaleratu, jardunaldiak irakaskuntza kargari egokitzeko aukera egotea, etorkizuneko kontratazioak oposaketa bitartez egitea, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioekin bat, eta jubilaziotik gertu dauden pertsonek, hain prekarizaturik eta feminizaturik dagoen kolektiboa alegia, jubilazio duina eskuratu ahal izatea”, azaldu du.
Pablo Azcona