Itzuli

Iruñea-Altsasu trenbide tartea Europako zabalera eraikitzea defendatu du Geroa Baik, Nafarroa Europako trenbide sisteman integraturik geratzea bermatzeko

    Kantauri-Mediterranio trenbide korridorearen Iruñea-Altsasu tartearen azterlan informatiboari helegitea aurkeztu dio Geroa Baik, Pablo Azcona Geroa Bairen bozeramailearen hitzetan “jarrera politikoa argia, koherentea eta denboran mantendua” berretsiz, “Nafarroak garraio sisteman duen lekua, bai eta Europarekin lotura hamarkadetan zehar baldintzatuko duen” azpiegitura estrategiko baten defentsan egin duelarik.

    Koalizioak Prestazio Handiko Trenaren alde egiten duen apustua berretsi du Azconak, “bai bidaiarientzako, bai eta merkantzientzako balioko duena, Europako estandarrak beteko dituena eta garraioaren korridore handietan Nafarroa erabat integratzea ahalbidetuko duena”. Era berean ohartarazi duenez, “gauzak ongi egiten ez badira, arriskua agerikoa da: Nafarroa Europaren atzetik geratu daiteke”.

    Halaber, azpimarratu duenez, “ez du edozein proiektuk ez eta edozein konponbidek balio”, horregatik, erabakiak “etorkizun ikuspegiz, irizpide tekniko solidoekin eta, bereziki, Nafarroaren interesak defendatuz” hartzea eskatu du, Euskal Y-rekin lotura bezalako gai estrategikoetan Foru Gobernuaren “benetako papera” aldarrikatuz.

    Aurkeztutako helegitea “zeharo erabakigarria” den gai bat azpimarratzen du, Geroa Bairen eledunaren arabera: trenbidearen zabalera. Ministerioak hasierako eraikuntza bat planteatzen du zabalera iberikoan, ondoren Europako estandarrera egokituz. Horren aurrean, argi eta garbi ziurtatu du “planteamendu hori akats handia” dela, horrekin “Europarekin konexio txikiagoa edukitzea lortzen delako, behin-behinekoz izan arren”, eta ez duelako “inolako berme errealik” eskaintzen etorkizunean hori aldatzeko eta “gainkostu gehiago, arazo operatibo gehiago eta mugaketa gehiago” sor ditzakeelako.

    Bere aldetik, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta Geroa Baiko kideak adierazi du helegite hau, teknikoa irudi dezakeen gai bat azpimarratzen duen arren, zeharo estrategikoa dela.

    Hualdek ohartarazi duenez, hasiera batean zabalera iberikoan eraikitzeak “Eurooako sarearekin elkar operatzeko arazo larriak sortuko ditu”. Gainera, gogorarazi du Europa zeharkatzen duten linea berriak zabalera estandarrean eraiki behar direla dioela europar komunitateko araudiak, horregatik “ez du zentzurik behin behineko gauza bat egitea inbertsio ekonomiko garrantzitsua eskatzen duen obra batean, orainaldirako eta etorkizunerako apustua den azpiegitura izanik”.

    Zentzu honetan, ustezko behin-behinekotasun honek “ez duela benetako bermerik eskaintzen” azpimarratu du, “ez baitago egutegi loteslerik ez eta konpromiso tinkorik” aldaketa hori egiteko, eta erabaki horrek kostu operatibo handiagoak ekarriko dituela gaineratu du, bai eta kalte garrantzitsuak ere etorkizunean zabalera aldaketa hori egitekotan.

    Halaber nabarmendu duenez, “trenbide zabalera  ez da erabaki neutroa” Euskal Y-rekin loturari dagokionez, etorkizuneko alternatibak baldintzatu baititzake, horrek azterlan informatiboaren ez-predeterminazio printzipioa kontraesanez.

    Eszenatoki honen aurrean, Geroa Bairen apustua “argia, bideragarria eta koherentea” dela defendatu du Hualdek: Iruñea-Altsasu tartea “hasieratik Europako zabalera eraikitzea, UIC zabaleran”, eta egungo egoerarekin bateragarritasuna ahalbidetuko duen konponbide tekniko bat egitea, Iruñetik gertu zabalera aldagailu bat eraikiz.

    Alternatiba honek, azpimarratu duenez, “elkar-operagarritasuna hobetzen du”, etorkizuneko kostuak ekiditen ditu, zerbitzuari kalteak murrizten dizkio eta “Nafarroak hasieratik Europarekin lerrokaturik egongo den azpiegitura bat edukitzea” bermatzen du.

    Horregatik guztiagatik, Geroa Baitik berresten dutenez “Nafarroak garraioaren sareetan edukiko duen lekua hamarkadetan zehar baldintzatuko duen erabaki baten aurrean gaude”, horregatik, erabaki hau “anbizioz, zorroztasunez eta etorkizuneko ikuspegiz” hartu beharra dago, “Nafarroa ezin baita atzean geratu”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko