Iruñean Armadaren erabiltzeari buruz galdetu dio Koldo Martínezek gobernu zentralari
Nafarroako senatariak ekimen bat erregistratu du Goi Ganberan, atzo, ostiralez, Nafarroako hiriburuko kaleetan egondako presentzia militarraren arrazoiak ezagutzeko
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak parlamentuko ekimen bat aurkeztu du Goi Ganberan Gobernu zentralari zuzendurik, atzo, ostiralez, Iruñeko kaleetan Espainiako Armadaren erabiltzearen “benetako arrazoia” ezagutzeko, besteak beste.
Modu honetan, Martínezek aurkeztutako ekimenean gogorarazten duenez, Covid-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz Estatu mailan Alarma Egoera ezarri zenetik “Komunitate Autonomo ezberdinetako udalerri ugaritan Indar Armatuen ohiz kanpoko erabilpena eman da”.
Horregatik, erabilpen honen “benetako arrazoiaren” inguruko informazioa eskatu dio Martínezek Pedro Sánchezen gobernuari, bai eta Indar Armatuek mobilizatu diren udalerrietan burutu dituzten eginkizun zehatzei buruzko informazioa ere.
Era berean, Nafarroako senatariak Armadak zentzu honetan burututako eginkizun zehatzen xehetasuna ezagutzea eskatu du, bai eta jarduera horien kostu osoa ere, Komunitate Autonomo bakoitzeko.
Azkenik, Nafarroan Indar Armatuen presentzia zein erakundeek eskatu duten galdetu dio Martínezek Exekutibo zentralari, eta erabilpen hori Foru Exekutiboaren, Gobernuaren Ordezkaritzaren edo Nafarroako udalen baten eskakizunari erantzuna emanez egin den jakin nahi du.
Koldo Martínez