Iruñeko Geroa Baik aurrekontuen inguruko jarrera zuzentzeko exijitu dio Aranzadiri
Geroa Baik 2018rako aurrekontuak berresten ditu, luze negoziatu ostean 4 indarron artean adostuak izan direnak. Azpimarra dezagun aurrekontu proiektuak 204,5M€ aurreikusten dituela, ihaz baino 8M€ gehiago eta %63a ikuspegi sozialeko ekimenetara zuzendua dagoela.
Geroa Bairen ustez, Aranzadik emandako abstentzioa ez da inolaz ere bateragarria gobernu ardurarekin, are eta gehiago, aurrekontuok 4on artean negoziatu eta adostuak izan direnean.
Edozein akordio, eta bereziki horren garrantzitsuak diren aurrekontuak, alde bakoitzak zenbait eskaera alde batera utzi eta elkarbanatutakoari babesa ematean datza. Hortaz, Aranzadik emandako abstentzioa edo “bai” kritikoa, udal gobernutik kanpo besterik ezin da ulertu, non behin eta berriz kokatzen duen bere burua.
Horrexegatik, Geroa Baik uste du Aranzadik sortutako egoera larria dela, kalte egiten baitio udal gobernuaren irudi, kohesio eta kudeaketari, baita Alkate eta Iruñean emandako Aldaketari ere. Hortaz, Aranzadiri aurrekontuen inguruko posizioa zuzentzeko exijitzen dio.