Iruñeko Geroa Baik egungo terrazen ordenantza aldatzea proposatu du ostalaritza sektorearentzako neurri aringarriekin batera
Horretarako, ostalaritza elkarteekin lan mahai bat premiaz eratzea proposatu du udal taldeak
Iruñeko Geroa Baik, gaur Iruñeko Udalean egin den Hirigintza Batzordean egindako eskakizun baten bitartez, terrazen ordenantzaren ezarpena berehala malgutzeko irizpideak adostea proposatu du alde batetik, eta bestetik, egungo araudia erreformatzeko proposamena premiaz egin dadin, uztailean ezartzeko moduan egoteko helburuarekin. Araudi berri hau, pandemiaren eragin ekonomikoek irauten duten bitartean egon beharko luke indarrean.
Horretarako, Javier Leoz zinegotziak lan mahai bat berehala eratzea proposatu du, bertan Herritar Segurtasun alorra, Hirigintza alorra eta hiriko ostalaritza elkarteak sartuz.
Halaber, Leozek Maya alkatea premiatu du, dagokien alorrek ostalaritza sektoreak helarazten ari dituen eskakizunei erantzuna eman diezaieten. Zentzu honetan, zinegotziak neurri horietako batzuk aipatu ditu, hala nola espazio publikoa okupatzeko tasaren salbuespena ikertzea, express lizentziak edota Barne Babes eta Erreformarako Plan Bereziak ezarritakoarekin bat lokalak egokitzeko inbertsioen derrigortasuna atzeratzea.
Ekimen honekin, udal taldeak “osasun krisialdiaren ondorioz ostalaritzak bizi duen egoera larria arintzen” lagundu nahi du, eta “modu bizkor eta eraginkorrean lan egitera” premiatu du udala.
Geroa Baik halaber, krisialdi honen kudeaketan agertzen ari duen jarrera arduratsu eta eraikitzailea berretsi du eta adostasunak bilatu ditzala eskatu dio berriro ere Maya alkateari.
Javier Leoz