Iruñeko Geroa Baik Gaztelugibeleko eta Foruen Plazako bidegorriari behin betiko konponbide bat ematera premiatu du udal taldea
Foruen Plazan elkartzen diren bidegorriak lotzeko dauden aukerak ikertzeko azterlan bat martxan jartzea eskatu du, bai eta Gaztelugibeletik igarotzen den bidegorria handitu dadin ere
Iruñeko Geroa Baik UPNren udal gobernua premiatuko du hurrengo Hirigintza Batzordean, Gaztelugibeleko eta Foruen Plazako bidegorriari behin betiko konponbidea ematea eskatzen duen adierazpen baten bitartez.
Koalizioak gogorarazi duenez, “2022ko abenduan zalaparta handiarekin iragarri zen Iruñeak hiru bidegorri handi edukiko zituela 2023an, zehazki: Amigó ikastetxekoa, Gaztelugibelekoa eta Labritekoa”. “Gauzak horrela, 2023 urtea amaitzear da eta Gaztelugibeleko txirrindularien egoera lehen bezain arriskutsua da”, deitoratu du udal taldeak.
“Jakina da Gaztelugibeleko bidegorria estuegia dela eta aurkako norantzan dabiltzanak zailtasun handiz egiten dutela”, azaldu du koalizioak. Horregatik, Geroa Baik beharrezkoa deritzo “bidegorria handitzea txirrindularien segurtasuna bermatu ahal izateko”.
Bestalde, koalizioak azaldu duenez, “Foruen Plazan elkartzen diren kaleen kasuan (Erletokieta, Julian Gayarre eta Gaztelugibel kaleak) bidegorria inondik dator eta inora doa”. “Txirrindulariak kinka larrian aurkitzen dira puntu honetara iristean: edo espaloitik joan, Mugikortasun ordenantzak debekatzen duen jardunbidea alegia, edo haien ibilbideari alternatibak bilatu dizkiote”, salatu du koalizioak. “Herritarrek garraiobide moduan bizikleta erabiltzeari oztopoak jartzen dizkio honek”, gaineratu du.
Iruñeko Geroa Bairen aburuz, “txirrindularen alde egiten duen Iruñea bat nahi badugu, egin beharreko lehen gauza erabiltzaileen segurtasuna bermatzea da”. Horregatik guztiagatik, koalizioaren iritziz “beharrezkoa da hiriko puntu hauetan bizikletan ibiltzeko azpiegiturari konponbide bat lehenbailehen ematea”. “Asko dira bidegorriaren zati honetan segurtasun ez dagoela dioten txirrindulariak”, amaitu du adieraziz udal taldeak.