Iruñeko Geroa Baik Partaidetza Araudi berriari buruzko informazio kanpaina bat proposatu du
Iruñeko Udaleko udal taldeak gida praktiko bat egitea eskatu du, bai eta alor ezberdinetarako formakuntza ere
Iruñeko Geroa Bairen udal taldeak adierazpen instituzional bat aurkeztu du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, Udalari eskatuz “Herri Partaidetzaren araudi berriari buruzko gida praktiko bat egin dezan, bai eta informazio kanpaina bat auzoetan eta formakuntza eman diezaien Udaleko alorrei”.
“Herritarren eskubideak ezagutaraztearen alde” egiten du Geroa Baik, “bai eta haien esku dauden prozedura eta tresnak ezagutaraztearen alde ere, besteak beste Auzo Kontseilu bat eratzeko, herri ekimen bat bultzatzeko edo Udalaren Osoko Bilkuran hitza hartzeko”.
Halaber, koalizioak beharrezkoa deritzo “Udaleko alor ezberdinetako langileei formakuntza ematea, horrela prozedurak araudi berriari egokitzeko eta aurreko legegintzaldian hasi zen lan transbertsala eta lankidetzarekin jarraitzeko”.
Geroa Bairen udal taldeak gogorarazi duenez “eskubideak eta aukerak modu nabarmenean handitzen dituen araudia da, Auzo Kontseiluak eta baliabideen kudeaketa elkarbanatua ahalbidetuz eta artikulatuz, bai eta auzoetako foroak, organo sektorialak, Hiriaren Kontseilua, aurrekontu parte hartzaileak, kontsultak, araututako prozesu parte hartzaileak eta haien ebaluaketa edo elkarte sarearentzako udal lokalak eskaintzea”.
Geroa Baik defendatu duenez “Herri Partaidetza eskubidea da eta araudi berriak hiriaren kalitate demokratikoa hobetuko du”. “Araudi erabilgarria eta erraztailea da, herritarren, elkarteen, esparru akademiko, tekniko eta politikoaren lankidetza zabalari esker landu baita”.
Patxi Leuza