Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta CENERek Stardust proiektu europarra aurkeztu dute, zeinak 5,5 milioi euroko inbertsioa egingo baitu hirian
Energia-eraginkortasuna, teknologia berriak, tokiko ekonomia eta negozio berriak sustatzeko jarduketak babestuko ditu Stardustek
Iruñeko alkate Joseba Asironek, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapeneko lehendakariorde Manu Ayerdi eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) Eraikinetako Energiako zuzendari Florencio Mantecak gaur goizean Stardust proiektu europarra aurkeztu dute, zeinak 5,5 milioi euroko inbertsioa egingo baitu, xede harturik energia-eraginkortasun orokorra areagotu eta Iruñeko bizi kalitatea hobetuko dituzten jarduketak gauzatzea, baita tokiko ekonomia suspertzea eta negozio eredu berriak sortzea ere.
Hori lortzeko eraikuntza, energia eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak integratuko dira, informazioaren eta komunikazioaren teknologia aurreratuenak, konektibitatea, eta gauzen Interneta erabilita.
Ekitaldian izan dira, baita ere, CENEReko zuzendari nagusi Pablo Ayesa, Udalbatzako kideak eta makroproiektu honetan parte hartzen duten Nafarroako gainerako bazkideak: Nasuvinsa, Zabala Innovation Consulting, Jofemar, eta NUP, Smart Cities Insitutuaren bidez. Espainiako partzuergoa beste enpresa hauekin osatzen da: SICE telekomunikazioak eta Gas Natural Fenosa..
Iruñearekin batera beste bi hiri aitzindarik parte hartuko dute proiektu honetan, Trento (Italia) eta Tampere (Finlandia), eta beste lau hiri jarraitzaile daude: Derry (Erresuma Batua), Litometice (Txekiar Errepublika), Kozani (Grezia) eta Cluj-Napoca (Errumania). Stardust proiektua CENERek koordinatzen du, eta Europako Batzordeak hautatua izan da Hiri eta Erkidego Adimentsuen deialdira aurkeztutako 17 proiekturen artean. Bost urteko iraupena izango du, eta Stardust proiektuko partzuergoa Europako bederatzi herrialdetako 29 bazkidek osatzen dute (9 hiri, enpresa publikoak eta pribatuak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresa txiki eta ertainak). Proiektu osoaren guztizko aurrekontua 21 milioi eurokoa da, eta Europako Batzordearen eskutik 18 milioi euroko diru-laguntza jasoko du. Horietatik gutxi gorabehera 5,5 milioi euro Iruñean jarduketak egitera bideratuko dira, gehienbat nafar enpresen eskutik.
Jarduketa zerrenda luze bat
Stardust proiektuaren esparruaren barruan elkarren artean konektatutako hainbat jarduketa gauzatuko dira Iruñean. Hona hemen horietako batzuk: San Pedro auzoko energia-birgaitzea ( 235 etxebizitza birgaitzea espero da, energia kontsumo ia nuluko eraikinen estandarrarekin eta estalki fotovoltaikoak integratuta); energia-iturri berriztagarrietatik energia sortuko duen mikrosare elektriko bat instalatzea, eta hondar-beroa ustiatzea hiriko argiteria eta ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko; adimendun teknologiarik aurreratuena inplementatzea Nasuvinsak garatuko duen Etxebizitza-Planeko etxebizitzetako energia kudeatzeko; mugikortasun elektrikoa bultzatzea, Nafarroako Gobernuak inplementatuko dituen mekanismo pizgarrien bidez; bizikleta publiko elektrikoen sistema berri bat, carsharing instituzional bat; azken miliako plataforma sistema bat hiriko zenbait punturentzako, ibilgailu elektrikoak azkar batean kargatzeko kargaleku bat; argiteria publikoko sistema adimendunak dituzten guneak ezartzea; etab. Beste bi hiri aitzindariek ere antzeko jarduketak gauzatuko dituzte, eta haiekin ezagutzak, esperientziak eta emaitzak trukatuko dira.
Halaber, Smart plataforma teknologiko bat gauzatuko da, non datuak irauli, eta behin horiek aztertu, filtratu eta antolatu eta gero, hirian sortutako datu kopuru handi hori kontsultatu ahal izango da. Datu horiek baliogarriak izango dira administrazio publikoendako, herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzeko; herritarrendako, haien bizi kalitatea hobetzen lagunduko dien informazioa izango baitute; enpresa handi, ertain zein txikiendako eta ekintzaileendako, datuak diru bihurtu ahal izango baitute, energiaren, telekomunikazioen zein merkataritzaren alorretan eta beste abarretan zerbitzu berriak eskainita.
Enplegua zein jarduera ekonomikoa sortzea Stardust proiektuaren oinarrizko helburu bat da. Eta hori lortzeko metodologia bat garatuko da, proiektuaren emaitzak Iruñeko eta Nafarroako ekoizpen-ehunari helarazteko. Oficinae Verdi enpresak ere parte hartuko du, zeinak interesa duten eragile eta enpresek osatutako berrikuntza ekosistemarekin batera lan egingo baitu, negozio aukerak identifikatuz eta negozio-ereduak garatuz, oinarri hartuta energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriak, mugikortasun elektrikoa, datuen analisia eta kudeaketa, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.