Itzuli

Iruñeko Udalak San Fermin Txikin programaturiko jarduerak debekatzea gaitzetsi du Geroa Baik

Gobernu taldearen irizpide falta salatu du koalizioak eta udalak programaturiko jarduerak egin ahal izatea espero du

    Mikel Armendariz Mikel Armendariz

    Iruñeko Udalak “San Fermin Txiki Jaia hasteko 48 ordu falta direnean programako jarduerak debekatu izana” gaitzetsi du Iruñeko Geroa Baik, “jarduera horientzako baimena denbora nahikoarekin eskatu baitzen”.

    Mikel Armendariz Geroa Baiko zinegotziak kritikatu duenez “UPNren gobernu taldeak ez du irizpide argi eta koherenterik Iruñeko Alde Zaharrean jarduerak baimentzeko orduan, zenbait ekitaldi debekatzen baititu baina bien bitartean, urtean zehar auzoko bizilagunentzako kalte eta eragozpen handiagoak dakartzan beste ekitaldiak baimentzen eta sustatu ere egiten baititu”.

    Geroa Baiko zinegotziak gainera gogorarazi duenez, “debekatu diren jardueretako asko lokalen barruan egitea aurreikusten zen eta beste urtetan horretarako baimena arazorik gabe jaso dute”.

    Armendárizek defendatu duenez, “Udalak auzoko kolektiboen lanaren aldeko apustua egin beharra du, modu altruisten haien baliabide material eta pertsonalak ekitaldi horien antolaketarako eskaintzen baitituzte, horrekin hiriaren bizitza sozial eta kulturala aberastuz”.

    “Kolektibo hauen partaidetzari UPNk dion ezinikusia ezaguna da, eta orain hori frogatzeko bere modua zera da, azken orduan eta maniobrarako tarte gutxirekin baimenak ukatzea”, salatu du Geroa Baiko zinegotziak. 

    Honen guztiaren aurrean, Cristina Ibarrolaren taldeak bere jokabidea zuzentzea eta programaturiko ekintzak burutu ahal izatea espero du Iruñeko Geroa Baik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko