Israel-Premier Tech taldea Espainiako Itzulian parte hartzea gaitzetsi du Geroa Baik eta Nafarroan den hamargarren etaparen ekitaldi ofizialetan ez da egongo
Israel-Premier Tech taldea Espainiako Itzulian parte hartzen ari duela eta, Geroa Baik modu publikoan agertu nahi du bere gaitzespena, aurtengo edizioko Vuelta-ren hamargarren etapa bere osotasunean Nafarroan barna egiten ari den egun honetan.
Koalizioaren aburuz, Israelgo Estatuari loturik dagoen talde baten presentzia erabat desegokia da Palestinako herriaren giza eskubideak modu sistematikoan urratzen ari diren egungo testuinguruan, azken hilabeteetan bereziki larria izan delarik milaka biktima zibil eragin dituen oldarraldi militar baten ondoren eta nazioarteko organismo askok bere gaitzespena agertu dutelarik gainera.
Geroa Baik bere printzipioekin koherentzian eta bakearekin, giza eskubideekin eta nazioarteko zuzenbidearekin duen konpromisoarekin bat, bere ordezkariak ez dira etapa honen irteera ez eta iritsiera ekitaldietan egongo, aurreko edizioetan ohikoa izan den presentziarekin hautsiz.
Geroa Baik kirola, topaketarako, bizikidetzarako eta baloreak elkarbanatzeko gune moduan aldarrikatzen du, eta honako honetan Vuelta-ren antolakuntzak talde honen partaidetza galarazi ez izana deitoratu du.
Azkenik, Geroa Baik behin betiko suetena eta konponbide zuzen eskatu ditu beste behin ere, irtenbidea giza eskubideekiko begirunean eta nazioarteko legezkotasunean oinarritu behar duela aldarrikatuz.