Itoizko urtegiak kaltetutako udalerriei konpentsazioak ematea proposatu du Geroa Baik
Pablo Azconak ekimen bat erregistratu du Parlamentuan, hilabeteko epean Nafarroako Gobernuaren eta kaltetutako udalerrien arteko lan talde bat eratu dadin
Geroa Baik ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan Itzoizko urtegiak kaltetutako udalerriei konpentsazioak emateko helburuarekin. Pablo Azcona koalizioko parlamentariaren arabera “eskualdearen garapenean laguntzeko eta azpiegitura hidraulikoak lurraldean duen eragina arintzeko mekanismoak beharrezkoak dira, Itoizko urtegi inguruko udalerriek Parlamentuko agerraldietan eta egindako bilera ezberdinetan esan duten moduan”.
Zehazki, Geroa Baik aurkeztutako mozioak, PSN eta Podemosek ere sinatua, Nafarroako Gobernua premiatzen du hilabeteko epean Agoitz, Artze, Longida eta Oroz Beteluko udalerriekin eta Lurralde Kohesio eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuekin lan batzorde bat eratu dezan, batzorde horrek, Toki Erakundeek helarazitako beharrizanak kontuan hartuz, eskualde honi bultzada emateko mekanismoak azter ditzan.
Azcona parlamentariak gogorarazi duenez, Kontuen Ganberak egindako (2002-2014) Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioari buruzko fiskalizazio txostenak jasotzen duenez, “urtegiaren eraikuntzak bere inguruari, eta hortaz, eraginpeko udalerriei kalte ugari ekarri zizkien”.
“Kalte horiek ahal den neurrian leheneratzeko, egiturazko eta lurraldearen zenbait desoreka orekatzeko eta eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko oinarriak ezartzeko helburuarekin, Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioa eratu zen eskualdearen elementu elkartzaile eta dinamizatzaile moduan eta urtegiko ingurunearen Garapen Plan Integral bat onartu zen”, azpimarratu du Azconak.
Geroa Baiko parlamentariak ziurtu duenez, “fundazioaren jarduera erregulartasunez garatu zen 2011 urtera arte, baina UPNren Gobernuaren aurrekontu murrizketek fundazioaren proiektuak finantzatzeko funtsak deuseztatu zituzten, Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioa 2014an desegin zelarik”.
Horrekin guztiarekin batera, Azconak gogorarazi duenez, “herri hauek dira, eta eskualde honetan bizi diren pertsonak dira ere, Itoizko Urtegia bezalako azpiegitura bat pairatzen dutenak, bertatik Nafarroako beste azpiegitura handi bat abiatzen delarik ere, Nafarroako Ubidea alegia”. “Nafarroako Ubidea aberastasun iturri dela esaten badugu, urtegia inolako konpentsaziorik gabe jasan behar dutenei begiratu behar diegu ere. Nafarroako Ubidearen proiektua integrala izan behar duela uste dugu eta horretarako Agoitz, Artze, Longida eta Oroz Betelu herriei konpentsazioa eman behar zaie, haien eskualdean azpiegitura jasaten dutenak baitira”, ziurtatu du.
Geroa Bairen parlamentariaren aburuz, aurkeztutako ekimen honen egokitasuna eta beharra, Nafarroan despopulazio arriskua duten eskualdeei buruz berriki ezagutu den estudioaren baitan kokatzen da ere, aurre Pirinioen eskualde hau kaltetuenetakoa dela agertzen baitu estudio horrek. “Geroa Bairen iritziz bizkor jokatu beharra dago, lurralde oreka bultzatzeko neurriekin”, nabarmendu du.
“Kaltetutako udalerriei konpentsazioa ematea bidezkoa da, bai eta eta eskualdeko landa, natura eta kultura ondarearen babesa eta promozioa babestea ere, turismoa, azpiegiturak, bai eta formakuntza eta enplegua sustatuz ere”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.
Pablo Azcona