Itzuli

Itunpeko sareari dagokion negoziazioari heltzeko hiru aldeko mahai bat sortzea eskatuko du Geroa Baik

María Solana parlamentariak adierazi duenez, hiru aldeko Mahai bat da itunpeko sareari dagozkion akordio eta itunen betetzea bermatzeko modurik eraginkorrena

    María Solana María Solana

    Geroa Baik hiru aldeko Mahai bat sortzea defendatuko du, bertan Nafarroako Gobernuak, patronalak eta itunpeko ikastetxeetako langileen ordezkaritza sindikalak parte hartuz, horrela itunpeko sareari dagozkion akordio eta itunak analizatu eta horien jarraipena egin ahal izateko. María Solana koalizioko parlamentariaren aburuz, mahai hori martxan jartzea da “itunpeko sarea kontrolatzeko modurik eraginkorrena, ziurrena, demokratikoena eta aurrerakoiena”. Horrela jasotzen da EH Bildurekin batera izenpetu duten mozioan, ostegun honetan, otsailak 15, defendatuko duelarik parlamentariak Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran.

    Solanak nabarmendu duenez, mahai honek “Administraritzarekin modu batean edo bestean zer ikustekorik duten gai guztiak eztabaidatzeko eta kontrastatzeko” balioko du. Modu honetan, Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “zentro hauetara bideratzen den diru publikoa zertan erabiltzen den modu argian jarraitu ahal izateko lan eta gardentasun alorreko gaiak” jorratzea da helburua.

    Gainera, Solanak gogorarazi duenez, itunpeko sarearekin dagoen ituna berritu beharra dago, horregatik “hiru aldeko Mahaia berriro eskatzeko une egokia dela deritzogu”.

    Parlamentariak aitortu du hiru aldeko Mahai baten balizko sorrera, iazko udan PSN, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa formakuntzen artean lortu zen Programa Akordioaren baitan “aurreikusitako desakordioa” dela. Era berean adierazi duenez “desakordio hori gainditzeari ez diogu uko egiten”, eta horretarako “sistema honen egokitasuna defendatzen dugu, gure iritziz itunpeko sarearen patronalen kontrolerako tresnarik eraginkorrena izan baitateke”.

    Bestalde, María Solanak gogorarazi duenez “badago aurreko esperientzia bat”, izan ere, 2015-2019 Legegintzaldian sartu zen lehen aldiz ordezkaritza sindikala negoziazio mahaian. Parlamentariaren aburuz “oso positiboa izan zen hori”, izan ere “horrek ez zuen zentro hauetara bideraturik dagoen aurrekontua kontrolatzeko eta mugak jartzeko Administraritzaren gaitasuna murriztu, guztiz aurkakoa baizik”.

    Horrela, nabarmendu duenez, langileen ordezkaritza negoziazioan egotearen aukera “haien lan baldintzei eragiten dieten arazo guztiak mahaigaineratzeko gako da”, bai eta “lan baldintzak betetzen diren edo ez, eta zergatik ez diren betetzen ezagutzeko, edo Administraritzak sare honekin hartutako akordioak betetzen diren edo ez jakiteko”. Hortaz, Solanak amaitzeko ziurtatu du “Administraritzarekin eta itunpeko sarearekin lortutako akordioa zorrotzagoa izan dela gardentasunarekin, lan eskubideen errespetuarekiko bermearekin, eta hori hiru aldeko Mahaiari esker izan da”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko