Javier Ollo Martinez izango da berriro ere Geroa Bairen aldetik Altsasuko alkategaia
Javier Ollo Martínez (Altsasu, 1991) izango da berriro ere eta hirugarren aldiz Geroa Bai koalizioak Altsasuko alkatetzara aurkeztuko duen hautagaia.
Ollo Martínezek bere esker ona agertu die Geroa Baiko udal taldeko bere kideei, bai eta koalizioari berari ere, datozen udal hauteskundeetan beste behin hautagaitzaren buru egoteko animatu izanagatik. Era berean, alkategaia oso animaturik azaldu da bizilagunen aldetik jaso duen maitasunagatik, hautagaitzaren buru berriro egotera animatuz hauek ere.
Alkategai moduan egindako aurkezpenean Uxue Barkosekin batera agertu da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaia alegia, bai eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta udalerriko alkate ohiarekin, udaleko beste zinegotziekin eta herriguneko beste kideekin ere.
Sakanako udalerri honetako egungo alkatea, Ollo Zuzenbidetzan lizentziaduna da (Ikasketa Amaierako Sari Berezia Nafarroako Unibertsitate Publikoan) eta abokatu lanetan aritu zen 2015 urtera arte, orduan Altsasuko alkate lehen aldiz hautatu zutenean. Kargua 2019ko udal hauteskundeen ondoren berretsi zuen.
Ollo Martínezek Geroa Bairen aldetik Altsasuko alkatetzarako zerrendaburu moduan errepikatuko du eta “eskualdeko garapen ekonomikoaren alde lanean jarraitzeko” helburua azpimarratu du, bai eta “bizilagunen ongizate sozialaren alde eta ezberdinen arteko bizikidetzaren alde ere”, duela ia zortzi urte jardun zuen ilusio berarekin eta alkate moduan bi legegintzaldi eman ondoren gordetako esperientziarekin gainera.
“Altsasuarron interes orokorrarentzako onuragarriak diren inbertsioak gauzatzeko lanean jarraituko dugu, legegintzaldi honetan zehar industrialdeetan, eskola zentroetan eta haur eskolan egin dugun moduan, bai eta parke, espaloi, kale eta enparantzen berritze lan ezberdinen bitartez egin dugun moduan ere”, azpimarratu du Geroa Bairen hautagaiak.
Orain Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdearekin oso kezkaturik, Olloren arabera “Nafarroan okerrenetakoa da”, eta gaineratu duenez “mediku langileria kopuruaren aldetik okerrena”. “Gaur-gaurkoz seriotasun osoz baloratu beharra dago Altsasukoa bezalako Oinarrizko Eskualdeak estaldura zaileko eskualde moduan aitortzea, Nafarroako araudiak berak aurreikusten duena alegia, hala aitortu direlarik komunikazio okerragoa duten eta sakabanaturik dauden eskualdeetan, horretarako sustagarri sorta bat aurreikusiz. Gure bizilagunek astero egiten dute elkarretaratzea Osasun Etxearen aurrean hobekuntzak eskatzeko eta Iruñera joan behar ez izateko, espero dezagun arazoa konpontzeko bidean egotea, guk gutxienez Udaletik bultzada eman diogu, gure jarrera argi utzi dugu eta gure arazoak behin baino gehiagotan helarazi dizkiogu Nafarroako Gobernuari”, adierazi du Ollok.
Javier Ollok azken 8 urteetan Altsasuko Udalaren buruan izan duen ibilbidea aitortu du Uxue Barkosek, “ekintza politikoan printzipioak eta pertsonak dira bi ardatz nagusiak. Horregatik, ohorea da niretzat eta Geroa Bairentzat Javier Ollo Altsasuko Udalerako hautagaia izango dela iragartzea, 8 urte hauetan, printzipioetatik abiatuz, herritarren beharrei erantzuna izateko gai dela frogatu ondoren”.
Legegintzaldian zehar Nafarroako Parlamentutik eta Foru Exekutibotik gauzatu diren lorpen nagusiak eta ekintza-ildoetako batzuk aipatu ditu Barkosek, hala nola etxebizitza alorrean, garapen ekonomikoan, lehen-sektoreari laguntzan, oroimen eta bizikidetza alorrean, bai eta eskualdean euskararen sustapenerako inbertsioak ere. Halaber, parlamentu taldeak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Altsasurako sartu dituen zuzenketa ezberdinak zerrendatu ditu ere, osotara 1,2 milioi euro baino gehiago batuz.
OSASUNGINTZA PUBLIKOA
Azkenik, Barkosek bere kezka agertu du Nafarroak duen osasun-egoeraren aurrean eta osasungintza publikoa sendotzearen alde egin du pertsonen zerbitzura egon dadin. “Itxarote-zerrendei aurre egin ahal izateko talka plan bat beharrezkoa da”, ziurtatu du. Halaber, Lehen Arretan egiturazko neurriak” martxan jartzea beharrezkoa dela adierazi du. Azkenik, Nafarroako Gobernurako Geroa Bairen hautagaia kritiko azaldu da esklusibotasuna deuseztatzeko proposamenarekin, bere iritziz “ez baitu fakultatiboen arazoa konpontzen -Altasuko Oinarrizko Eskualdeak, besteak beste, hainbeste pairatu duen arazoa- ez diolako lehen arretari konponbiderik ematen eta hortaz, ezta ere herritarrei epe motz eta ertainera ematen zaion arreta”.