Itzuli

Jazarpen frankistaren espedienteak Nafarroako Artxibo Orokorrera eramateko Koldo Martínezen mozio bat onartu du Senatuak

Geroa Baiko senatariak Fernando Mikelarena historialariaren lanaren zorroztasuna goraipatu du Goi Ganberan

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    36ko kolpe militarrarekin eta ondorengo jazarpenarenarekin harremana duten Ezkaba mendiko Gotorlekuko eta Iruñeko espetxeko presoen zigor espedienteak, bai eta Guardia Zibilaren garai hartako txostenak Nafarroako Artxibo Orokorrera eramatera Gobernua premiatzen duen mozio bat onartu du Senatuak, modu horretan errepresaliatuen senitartekoek eta ikerlariek, gaur egun Madrilen gordeta dagoen material hori eskuratzeko aukera eduki dezaten.

    Geroa Bairen ekimena, PSOErekin transakzio bidez adostua, Goi Ganberako Barne Batzordean onartu da, Geroa Bai, PSOE, EAJ, Coalición Canaria, Ciudadanos eta Esquerra Republicanaren aldeko botoekin eta Voxen aurkako boto bakarrarekin. PPk abstentziora jo du.

    “Espedienteak Nafarroan egoteak oroimenaren berreskurapen lana erraztuko du. Izan ere amnesia eta desmemoria ez dira tresnarik egokienak, ez etikoki ez eta politikoki ere, indarkeria ez-legitimoak -historikoak eta arestikoak- eta haien ondorioak gainditzeko, ez eta bizikidetzaren eraikuntzarako eta demokrazian sakontzeko ere, ez eta izugarrikeriak horiek inorentzako berriro ez errepikatzea ziurtatzeko ere”, azpimarratu du Koldo Martínezek Goi Ganberan bere mozioaren eztabaidan. 

    Geroa Baiko senatariak Senatuko Barne Batzordean egindako hizketaldian Fernando Mikelarena historialariarentzako hitzak ere izan ditu, Del Burgo familiak bere aurkako kereila bat aurkeztu baitu. “Desmemoria bizikidetzarako elementu oso kaltegarria dela Fernando Mikelarenarengandik ikasi nuen, historialari nafarra, serioa, zorrotza, bere lanarekin gure Komunitatean, Nafarroan, 1936ko kolpearen ondorioz eta hurrengo urteetan gertatutako indarkeriari buruzko egia argitu duena. Berarengandik ikasi nuen historiak biktimak analizatu eta kontuan hartu behar dituela, bai, baina biktimarioak ere, aginte-katea, modu batean edo bestean jazarpen hura eta erailketa eta bidegabekeria horiek, eta bere ondorioak posible egin zituzten pertsona guztiak. Eta ezagutza hori gabe zailtasunez izango gara gizarte moduan egiarantz, justiziarantz eta erreparaziorantz aurrera egiteko gai”.

    “Geroa Baitik horixe bera nahi dugu azken aldiko indarkeria ez-legitimoen biktimentzako, ETArenak, GALenak, torturak, eta zentzu honetan bahiketak, gaizki deituriko zerga iraultzailea, eta abar. Errebantxa animorik gabe. Inolakorik. Egiaren ezagutzak bakarrik libre egingo gaituenaren uste sakonetik”, amaitu du adieraziz Koldo Martínezek, aldi berean Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela dioten Guardia Zibileko bi goi-agintarien  arteko elkarrizketa aipatuz.

    Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, Gerra Zibilean zehar eta ondoren presoekin harremana duen dokumentazioa senitartekoek eta ikerlariek eskuratzeko bidea  gaur egun konplexua eta nekagarria da eta Espetxe Erakundeak erantzuna emateko dituen epeak luzeegiak dira. Eta azpimarratu duenez, oroimena lantzen duten elkarteek eskaturik, Ezkaba mendiko Gotorlekuko eta Iruñeko Espetxeko zigor espedienteez gain, Guardia Zibileko goi-agintari eta kideek garaileen jazarpen ekintzak kontatzen zituzten txosten arretatsuak ere tokialdatzea eskatzen da, zer gertatu zen jakiteko laguntza garrantzitsua baitira.

    Izena eman gure buletina jasotzeko