José Luis Etxegarai Andueza izango da Lesakako alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia
Hirigintza, Hezkuntza eta Kultura, Ingurumena eta Ongizate Soziala, koalizioaren programaren ardatzak datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetarako
José Luis Etxegarai Andueza izango da Lesakako Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia, Lesakaren beharrizanen zerbitzura dagoen lantalde baten buru jarriz eta Udalaren eta herritarren arteko harreman irekien eredu bat sortzeko helburuarekin, pertsonak udal ekintzaren erdian jarriz.
“Politikaren balio estrategikoan sinesten dugu eta etorkizuneko proiektu bat tokiko esparrutik abiatu eta eraiki behar dela berresten dugu, zero kilometroko politikekin, giza eskala indibidualarekin, Lesakako arazoei konponbideak bilatuz”, azpimarratu du Etxegaraik.
“Pertsona guztientzako herri baten alde” egin du Geroa Bairen alkategaiak, “aniztasuna, eskubide berdintasuna, eta kohesiorako eta akordiorako elementuak kontuan izango dituena”. “Harro egoteko moduko Lesaka bat eraiki nahi dugu, etorkizuneko Lesaka bat, eta modu etiko eta jasangarrian egin, pertsonak eta gure ingurumen naturala zein soziala errespetatuz, bertan denok aske eta berdin sentituko garen herria”, gaineratu du.
Etxegarairekin batera, Lesakako Geroa Bairen hautagaitza honakoek osatzen dute: Ione Fagoaga Echarte, Jose Maria Portu Ochoteco, Maria Victoria Gortari Aldave, Imanol Goienetxe Maritxalar, Esteban Irazoqui Irazoqui, Antonio Hidalgo Hidalgo, Carlos Ubiria Portu, Jon Ugutz Ormaetxea Berroeta, Jesus Maria Castro Almandoz eta Esteban Echeveste Apezteguia.
Lesakako Geroa Baik datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkeztuko dituen proposamenak Hirigintzan, Hezkuntza eta Kulturan, Ingurumenean eta Ongizate Sozialean jartzen dute arreta.
Hirigintzan, “hirigintza inklusiboagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa ezartzearen alde” egiten du koalizioak, deuseztaturiko zerbitzuak berreskuratuz, hala nola autobus geltokiak edo Erdikoerrotaren ubidea, bai eta espaloietan hobekuntzak eta kaleen asfaltatze lanak Albistur kalean, Zarandia kalean, Bittiria Plazan, Eltzeta kalean edo Koskontako bidean.
“Inbertsio handiekin jarraitzea proposatzen dugu ere, hala nola ingurabidearen eraikuntza, Osasun Etxearen handitze lanak, Biurranan oinezkoentzako bidea, bai eta hirigintza plan praktikoagoa, taktikoagoa, parte hartzaileagoa, biziagoa eta Lesakara eta bertan bizi garenon beharrizanetara lotuagoa egongo den bat lantzea ere”, azaldu du Etxegaraik.
Hezkuntza eta Kultura alorrean, “kalitatezko eskola publiko baten” alde egiten jarraituko du Geroa Baik, “konfiantza sortuko duena, euskalduna eta doakoa zero urtetatik”. “Ditugun azpiegitura eta ekipamendu kulturalen garrantzia azpimarratu nahi dugu ere eta horietatik etekin handiagoa atera, eta horretarako gure herrian lan egiten duten elkarte ezberdinekin lankidetzan arituko gara”, azpimarratu du.
Ingurumenari dagokionez, “sastraka garbiketa politikarekin jarraitzea” proposatzen du Lesakako Geroa Baik, “bai mendietan, suteak ekiditeko eta belardiak sortzeko, bai eta bideetan, garbitasuna eta erabiltzeko erosotasuna lortzeko”. “Auzo bide guztien eta erabilera publikoko pista guztien mantentzea eta hobekuntza bermatzeko konpromisoa hartzen dugu, baserrietara iristeko bideena bereziki, bai eta landaketen bitartez gure mendiak martxan jartzeko eta ekoizteko beharrezkoak diren azterlan eta lanak burutzeko konpromisoa ere”, azaldu du Etxegaraik.
Azkenik, eta Ongizate Sozialari dagokionez, “arreta eredu berri bat martxan jartzeko konpromisoa” agertu du Lesakako Geroa Baik, “pertsonalizatuagoa izango den eta adinekoen eta mendekotasuna dutenen lehentasunetara egokituagoa egongo den zaintza sistema berri baten jarraibideak finkatuko dituena”.