Kalitatezko zainketa aringarriak bermatuko dituen lege bat eskatu dio Koldo Martínezek Gobernu zentralari
Zainketa aringarrien espezialitate bat sor dadin eskatu du ere, Osasun Sistema Nazionalaren baitan sartuz
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernu zentralari eskatu dio Zainketa Aringarrien Estrategiari berriro ekin diezaion eta bizitzaren amaierarako berme, arreta eta zainketarako lege proposamen bat aurkeztu dezan ere.
Zainketa Aringarrien Munduko Eguna ospatzetik gertu, urriaren 9an baita, Koldo Martínezek gogorarazi du 80.000 gaixo baino gehiago hiltzen diren urtero Espainian kalitatezko zainketa aringarri hauek eskuratzeko aukerarik gabe. Defizit hau COVID-19aren pandemian zehar larritu egin da. Era berean salatu duenez, Osasun Sistema Nazionalerako Zainketa Aringarrien Estrategia ez da 2014 urteaz geroztik eguneratu.
“Zainketa aringarrien eta bizitzaren amaieran pertsonei arreta emateko egungo egitura ez da nahikoa haien beharrei erantzuna emateko. Egoera honek, koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorioz ezarri diren protokoloek larritua, ez ditu gizakiaren funtsezko dimentsioak kontuan hartzen, eta oinarrizkoak dira bizitzaren amaiera faseko zainketetan”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.
Koldo Martínezen aburuz, “gaixoen ongizate fisikoa, emozionala, soziala eta espirituala mesedetuko duen arreta soziosanitariorako eredu aldaketa beharrezkoa da, arretari buruzko erabakietan gaixoaren partaidetza sustatuz eta bere ingurukoei zaintza eta akonpainamendua erraztuz, horretarako beharrezko laguntzak eskainiz”.
Koldo Martínezek eutanasiaren arautzearen aldeko bere jarrera gogorarazi du, martxoan onartu zen legearen testuarekin oso kritiko agertu zen arren. “Eutanasiaren legea beharrezkoa zen, baina hutsune garrantzitsuak ditu, hala nola, medikuak lagundutako suizidioa arautu gabe edukitzea, edozein bizitzaren amaieran erizainek duten paper garrantzitsua ez aitortzea, eutanasiaren eskaera prozesua gaixo kontziente eta inkontzienteentzako edo buruko gaixotasuna dutenentzako modu kezkagarrian ezberdina izatea, kontzientzia objekzioa modu orokorregian arautzea, eta abar”.
Eta ziurtatu duenez, “eskuinetik eutanasia eta zainketa aringarriak kontrajarri nahi izan diren arren, bateragarriak dira biak. Eta lehena onartu den herrialdeetan, bigarrenen kalitateak gora egin du, kausa-efektu harremana dagoenik ezin esan dezakegun arren. Zoritxarrez, Espainian, zenbait komunitatetan ezik, zainketa aringarriak asko hobetu behar dute esparru guztietan, horregatik beharrezkoa da lege bidez bermatzea”.
Senatari autonomikoak ere Gobernu zentralari eskatu dio zainketa aringarrien espezialitatea sor dezan eta Osasun Sistema Nazionalaren baitan sar dezala. “Espainian zainketa aringarriak eskuratzeko dagoen prekariotasunaren arrazoietako bat espezialitatearen errekonozimendu falta da, alor honetan lan egiten duten mediku eta erizainek azpimarratzen duten moduan, eta ezagutza espezifikoak eta goi mailako kualifikazioa behar ditu, lan honek ondorio mediku, deontologiko eta legal handiak baititu”.
Koldo Martínez