Kargen eta irabazien banaketa zuzenagoa sustatuko duten eredu ekonomiko berriak defendatu ditu Geroa Baik
Solanaren arabera “ez da bidezkoa klase ertain eta langileak izatea krisialdiaren pagaburuak, salneurrien gorakadaren ondorioz haien diru-sarreren balioa murriztu egin baita”
Kargen eta irabazien banaketa zuzenagoa sustatuko duten eredu ekonomiko berriak analizatzeko beharra defendatu du María Solana Diputatuen Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak, legegintzaldi honetan koalizioak Senatuan eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako ekimenen bitartez eskatu duen moduan.
“Egungo eredu ekonomikoak ez du funtzionatzen, eta demokrazia enpresa mundura hedatzea, gero eta premiazkoagoa den eta konpondu gabe dagoen kontua da, izan ere egunero-egunero langileen eta autonomoen erosahalmenak behera egiten du gorantza doazen prezioen eraginez eta neurri berean igotzen ez diren soldaten ondorioz.”, nabarmendu du.
Kongresurako Geroa Bairen zerrendaburuaren aburuz, “ongizatea eskubide unibertsala eta erantzukizun kolektiboa da, eta gizarte moduan dugun garapena gizarte-kohesioaren premisapean proiektatu beharra dago, inor atzean utzi gabe”. “Nafarroan ongizatea eta oparotasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrenetakoa dugu Hitzarmen Ekonomikoa. Baina Nafarroaren eskutan ez dauden politika asko daude, Estatuaren eskumenak dira, eta hortxe egon da, da eta izango da Geroa Bai tinko”, azpimarratu du.
Solanak azaldu duenez, “aurten bertan Koldo Martínez Geroa Baiko senatariarekin ekimen bat gehiengo zabalarekin onartu zuen Senatuak, Gobernua premiatuz eragile sozialekin batera errenten itun baten buruan jar zedin, enpresen irabaziak ere kontuan hartuz”. “Geroa Bairen irmotasunaren eta konbentzimenduaren fruitu izan den akordioa da hau, bi urte baino gehiagotan zehar gure senatariak Gobernuari eskatu baitio irabaziak ere kontuan hartuko zituen errenten itun baten buru jar zedin”, zehaztu du hautagaiak.
Diputatuen Kongresurako Geroa Bairen zerrendaburuak ziurtatu duenez, “ez da onargarria klase ertain eta langileak izatea beti krisialdiaren pagaburuak, salneurrien gorakadaren ondorioz haien diru-sarreren balioa murrizten baita, orain gertatzen ari den moduan, bien bitartean zenbait enpresek bere langileen txirotzearekin haien irabaziak biderkatzen ari direlarik, eta zuzendaritza karguetan daudenek haien soldata modu lotsagarrian igoz gainera”.
“Salneurrien gorakada eta erosahalmenaren galera leheneratzea ahalbidetuko duten neurriak eskatzen ditu jendeak kalean, eta horietako bat, zalantzarik gabe, inflazioa soldaten igoerarekin parekatzea da. Kontziente naiz enpresa askok oso gaizki pasatzen ari dutela beste batzuek haien irabaziak modu garrantzitsuan handitu dituzten bitartean. Bere lanarekin enpresaren irabaziak hobetzen laguntzen dutenekin solidarioak izatea eta soldata hobeak ordaintzea dagokie azken hauei”, amaitu du adieraziz Solanak.
María Solana