Koalizioak sustaturik, Faltzesen eta Azkoienen D ereduaren ezarpena baloraru du Geroa Baik
Aurrekontuen negoziazioan eta programa akordioan lortutako itunen fruitu dela azpimarratu du koalizioak
Geroa Baik modu positiboan baloratu du Hezkuntza Departamentuak Eskola Maparen foru agindua argitaratu izana, bertan Faltzeseko ikastetxe publikoan Lehen Hezkuntzako eskaintzan D eredua jasoz, bai eta Azkoiengo Ribera del Arga BHIan Bigarren Hezkuntzan D eredua ezarriz ere. Bi ekintza hauek, koalizioak negoziaketa politiko ezberdinetan sustaturiko konpromiso politikoei erantzuten diete.
Faltzeseko kasuan koalizioak nabarmendu duenez,udalerriko 21 familiek egindako eskakizunari erantzuten dio foru aginduak, haien seme-alabek udalerrian bertan Lehen Hezkuntza D ereduan ikasi ahal izatea nahi baitzuten familia horiek. Geroa Baik azpimarratu duenez, koalizioak burututako aurrekontu negoziazioaren fruitu da lorpen hau eta familien eskaera errealei erantzuna emateko borondatea islatzen du, sare publikoaren baitan hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatuz.
“Eskola Mapak azkenik Faltzesen D ereduaren eskaintza jasotzeak frogatzen du negoziazio politikoak herritarren beharrizanei erantzuna emateko balio dezakeela, horrela aukera berdintasunetan aurrera eginez”, azpimarratu du Geroa Baik.
Bestalde, Azkoiengo Ribera del Arga BHIan D eredua Bigarren Hezkuntzan ezartzeak, programa akordioan jasotako konpromiso bati erantzuten dio. Geroa Baik gogorarazi du akordio horrek modu argian jasotzen duela Bigarren Hezkuntzan D Eredua bermatzeko beharra, Lehen Hezkuntzan jada duten udalerrietan. Geroa Bairen arabera, akordio hori betetzea koherentzia kontua da, euskarazko hezkuntza ibilbideei jarraitasuna emateko alegia.
Era berean, koalizioak modu positiboan baloratu du Barasoaingo ikastetxea eskualdeko ikastetxe izatera pasatzea, horrela datorren ikasturtean Orbaibarreko udalerrietako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak jasoz.
Azkenik, Geroa Baik bere konpromisoa berretsi du elkarrizketa politiko erabilgarriarekin, hezkuntza publikoarekin eta Nafarroako familien hizkuntza eskubideak bermatzearekin, funtsezko elementuak baitira hauek Nafarroa kohesionatuago baterantz eta denontzako aukera hobeak dituen Komunitate baterantz aurrera egiteko.