Koldo Martínez: “AVT eta Nafarroako Gobernuak egindako terrorismoari buruzko jardunaldira UPN eta PPN joan ez izanak pena handia ematen digu”
Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren Geroa Baiko Koldo Martínezek adierazi duenez, AVT eta Foru Gobernuaren artean antolaturiko terrorismoari buruzko jardunaldira joango da koalizioa, “biktimak laguntzeko, entzuteko eta babesteko, beti egin izan dugun moduan”.
“Biktimen artean iritzi ezberdinak daude, ongietorria iritzi aniztasuna eta pluraltasuna”, azpimarratu du, ETAk erail zuen Tomás y Valienteren alabaren hitzak gogora ekarriz, horietan azpimarratzen baitu inoiz ez duela terrorismoaren biktimen elkarteetan parte hartu.
Adierazi duenez “UPN eta PPN ez joatea lotsagarria iruditzen zaigu eta pena handia sortzen digu horrek”. “Ez joateak jada susmoa genuena ziurtatu du, biktima batzuekin daudela eta besteekin ez alegia. Arrazoi alderdikoiak direla eta ezetz esateko gai dira”, esan du Martínezek.
PODEMOSEN EGOERARI BURUZ
Podemosen egoera dela eta, Martínezek esan du Geroa Bairentzat “garrantzitsuena lau alderdiek izenpetutako programa akordioaren defentsa eta mantentzea dela, eta ziur gaude bozeramailea aldatzeak ez duela programa akordioaren defentsan eraginik edukiko”. “Maitasunez” esan dio agur Buili bozeramaile izateri utzi ondoren eta “maitasunez” eman dio ongietorria ere Cousori.
Podemoseko parlamentari batek osteguneko osoko bilkuran emandako boto partikularrari buruz Martínezek esan du “harrigarria” iruditu zitzaiola. “Behin gertatu da eta 25eko berdinketa egon zen; norbera bere ekintzen erantzule da eta egokia dena egiteko aske, nahiz eta bere posizionamenduak lau indarren arteko akordioa hautsi”, esan du, ziurtatuz “ez zaiola gustatzen”. “Etorkizunean ikusiko dugu”, gaineratu du.