Itzuli

Koldo Martínezek espetxeetako osasungintza konpetentziaren transferentziari buruz Gobernu Zentralari galdegin dio

Nafarroako senatari autonomikoak konpetentzia honen burutzerako aurreikusten diren epeak ezagutu nahi ditu

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak Estatuko Gobernuari zuzenduriko galdera sorta bat erregistratu du espetxeetako osasungintza konpetentziaren transferentzia dela eta.

    “Berriki jakin dugunez Iruñeko espetxeko bi medikuren lan bajen ondorioz Santa Luziako muinoan kokaturiko espetxean dauden 300 preso inguru osasun arretarik gabe geratu dira orain dela astebete gutxienez. Gobernu zentralaren Justizia Ministerioari dagokion Espetxeen Idazkaritza Nagusiaren konpetentzia den arazo honen ondorioz, presoak Nafarroako Ospitale Gunera deribatu beharra dago, presondegiko Erizaintza zerbitzuek arreta eman ezin duten edozein larrialdiren aurrean”, azaldu du Martínezek.

    Nafarroako senatari autonomikoak gainera azpimarratu duenez, “Nafarroan Gobernuaren Ordezkaritzaren datuen arabera, Iruñeko espetxeko osasun sistemaren ardura duen eta jardunean dagoen mediku bakarrak, egoera hau salatu baino astebete lehenago jaso zuen lan baja”.

    “Hala ere, nabarmentzekoa da ez dakigula noiztik funtzionatzen zuen Iruñeko espetxeak mediku bakarrarekin, lehen doktorearen gabeziaren aurrean, hau ere lan baja dela eta. Gobernuaren Ordezkaritzak ez du bi profesional hauen gabeziaren iraupenari buruzko informaziorik eman, horregatik ez dakigu zenbatean luzatu daitekeen egoera hau”, adierazi du.

    Nafarroako senatari autonomikoak ziurtatu duenez “hau ez da Iruñeko espetxeak osasun arretan gabeziak dituen lehen aldia”, eta gogorarazi du “transferentzia egiteko premia aho bateko aldarria” dela “alor honekin zer ikusia duten eragile profesional, sozial edo sindikalen artean”.

    Ildo honetan, Martínezek gogorarazi duenez, “orain urtebete zehazki Espetxeetako Zuzendaritza Nagusitik informatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Departamentuarekin kontaktuan zeudela Iruñeko Espetxeko presoen osasun arretaren transferentzia prozesua burutzeko helburuarekin”.

    “Urtebete igaro da eta egoera berean jarraitzen dugu. Horregatik, aipatutako espetxe osasungintzaren transferentzia burutzeko Exekutibo zentrlaren bide orria eta baldintzak zeintzuk diren jakin nahi dugu; bai eta zer gertatu den aipatutako urtebeteko epean espetxe osasungintzaren transferentzia ez burutzeko; eta zein epe aurreikusten dituen Espainiako Gobernuak LORAFNAk zentzu honetan jasotzen duenarekin betetzeko”, amaitu du Martínez senatariak.   

    Izena eman gure buletina jasotzeko