Koldo Martínez: "Sánchezek Finantzarioki Jasangarriak diren Inbertsioetarako 113 milioiak blokeatzeari utzi behar dio”
Laukoaren bozeramaileek Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakariari eskatu diote datorren urriaren 31an Pedro Sánchez Gobernu zentraleko presidentearekin edukiko duen bilera aprobetxatu dezala Nafarroak oraindik transferitzeko dituen konpetentziak eskatzeko.
Geroa Bairen aldetik Koldo Martínezek espero du bi presidenteen arteko bileran Pedro Sánchezek “une hauetan blokeatuta dauden finantzarioki jasangarriak diren inbertsioak blokeatzeari utziko diola” iragartzea. “Gai hau dela eta ez dago Espainiako Gobernuaren erantzun ofizialik. Interes orokorrari buruz ari garenean Gobernu batek egin behar duena zera da, modu ofizialean eta idatziz jakinarazpena egitea. Espero dezagun urriaren 31 baino lehen desblokeaturik egotea”, azpimarratu du.
Gainera, bere iritziz Barkosek “eskaera zehatza egingo du, Pedro Sánchez Gobernuko presidente izendatu zutenetik egin izan duena, egiteko dauden konpetentzien transferentzia alegia”.
ERRENTA BERMATUA
Bestalde, Geroa Baiko bozeramaileak UAGNren adierazpenak zalantzan jarri ditu eta ziurtatu du “errenta bermatuari esker hilabeteko kontratatutako pertsonen bataz bestekoak %57 gora egin duela eta txirotasun tasak %7,8 egin duela behera, Estatuan ordea %3,2 bakarrik jaitsi delarik”.
Azpimarratu duenez, errenta bermatuaren legeak eskatzen du hura jasotzen dutenek lan “egoki” baten eskaintza jasotzen dutenean hura onartu behar dutela eta ukatu egin du “deialdi efektua” dagoenik laguntza hau Nafarroan jasotzeko. “Errenta bermatua jasotzeko bi urte eman beharra dago Nafarroan bizitzen eta urte bakarra familiak adin txikikoak baldin baditu. Zailtasunez egon daiteke deialdi efekturik”, nabarmendu du.