Itzuli

Koldo Martínez Senatuan: “Nafarroa libreki adierazitako bere borondatearen emaitza da eta hala izango da”

Nafarroa gaitasun eratzailea duen subjektu politikoa duela sutsuki defendatu du Senatari autonomikoak, eta EH Bilduk gaur Goi Ganberan estatutuek eskaintzen dituzten bideen erabilgarritasunaren defentsa egitea kritikatu du, 40 urtez bide horiek laidotu on

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak, Nafarroa gaitasun eratzailea duen subjektu politikoa dela sutsuki defendatu du gaur Goi Ganberako osoko bilkuran. “Nafarroa libreki adierazitako bere borondatearen emaitza da eta hala izango da”, azpimarratu du Koldo Martínezek. “Geroa Bain Eskubide Historikoen eta forutasunaren interpretazio erradikal-demokratiko batean oinarritzen den paktu politikoaren alde egiten dugu, Nafarroako herritarren erabakitzeko gaitasun baldintzatu gabe moduan ulertzen baitugu”, nabarmendu du Geroa Baiko senatariak.

    “Ez naiz errepikatzeaz nekatuko -berretsi du Koldo Martínezek Senatuko osoko bilkuran-. Nafarroako herritarrak erabateko subjektu politikoa osatzen dute, baldintzatu gabeko gaitasun eratzailea duena, eta bere erregimen politikoa libreki ezartzeko eskubidearekin, Nafarroa-Espainia artikulazioa berdinen arteko paktu baten emaitza izan behar duelarik”.

    Pertsonei, haien eskubideei, haien kulturei eta haien nortasun nazional ezberdinei erabateko errespetua dien jarrera erradikal demokratikoa da

    “Gure jarrera Nafarroan dauden ideia eta nortasun leialtasun ezberdinekiko errespetuan oinarritzen da, bai eta pertsona guztientzako eskubide berdintasunaren printzipioan ere, hauek bertakoak edo kanpoan jaiotakoak izanda ere”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    “Batzuei jarrera hau erregionalismo pobrea iruditzen zaie. Beste batzuei abertzaletasun amorratua. Eta, hala ere, pertsonei, haien eskubideei, haien kulturei eta haien nortasun nazional ezberdinei erabateko errespetua dien jarrera erradikal demokratikoa da, guretzat abertzaletasun zibikoa dena, internazionalismo demokratiko barneratzaile baten sustatzaile dena. Zuetariko askok espainiar Estatuan defendatzen duzuen nazionalismo esentzialista baztertzailearen aurkako aldean dagoena”, ziurtatu du Geroa Baiko senatariak eskuineko jarlekuei begira.

     

    EH Bilduri kritikak orain Estatua aldarrikatzeagatik

    Nafarroako herritarren erabakitzeko gaitasunaren defentsa Geroa Baiko senatariak mahaigaineratu du EH Bilduren mozio baten eztabaidan, bertan Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Hobekuntzaren erabateko betetzea eskatzen baitzuen koalizioak.

    Koldo Martínezek bere harridura agertu du EH Bildu taldeak aurkeztutako mozioaren edukia ikusita, hitzez hitz esaten baita “urte batzuetan zehar autonomia estatutua autogobernuan sakontzeko tresna izan dela aitortu beharra” dagoela. Eta Idurre Bideguren Eusko Alkartasunako kide eta mozioaren proposatzaileari galdetu dio ea bere koalizioa osatzen duen alderdi nagusiak, Sortuk alegia, mozioa ezagutzen ote duen eta bere zentzua eta Gernikako Estatutuaren defentsa elkarbanatzen ote duen.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Euskadi eta Nafarroako Gobernuen eta Estatuko Gobernuaren arteko akordioen aurkako erabateko jarrera mantendu du hamarkadetan zehar ezker abertzaleak, akordio horiek sustatzen zituztenak laidotuz, eta Txema Montero bere buruzagietako bat 1992an HBtik kanporatu egin zuten hain zuzen ere Gernikako Estatutuaren zein Nafarroako Hobekuntzaren birtualtasuna defendatzeagatik.

     

    Patetikoa, PP eta Ciudadanosen argazkia Gernikako zuhaizpean

    Geroa Baiko senatariak UPN, PP eta Ciudadanos alderdiei ere hitz gogorrak zuzendu dizkie eta azken bi alderdi hauek euskal hauteskunde kanpainan Gernikako zuhaizpean egindako agerraldia gogorarazi du. “Duela egun batzuk eskuineko konglomeratuaren buruzagiak, zirkinik egin gabe Gernikako Arbola entzuten ikusi genituen, foruen defentsan sortutako abestia alegia, eta Gamazadaren ereserki izan zena, Gamazo ministroak gure zerga erregimena mugatzeko saiakeren aurka nafarrek egindako altxamendua alegia. Irudi patetiko xamarra, izan ere zuek, Colón plazakoak, Espainia bakarra nahiago duzue batzen duen Espainia baino, elkarrekin bizitzeko aukera ematen duen Espainia erreal, anitz, eleanitz eta plurinazionala baino alegia”, amaitu du Koldo Martínezek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko