Itzuli

Koldo Martínez: “UPN Nafarroako gizartearen interesentzako kudeatzaile ezin okerragoa izan da”

Koldo Martínez Koldo Martínez

Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren, Geroa Baiko Koldo Martínezek azpimarratu du bere koalizioan “harriturik” daudela “UPN hain kudeatzaile txarra dela ikusita, baita ere Nafarroako Ubidearekin”, gai hau, esan duen moduan, “seriotasunez ikertuko dugularik”.

Bere iritziz, “deigarria da Esparzak onartu izana lehen fasearen handitzearen kostua %100ean Gobernuak bere egitea, ubidearen lanen ordainketan teorian %50 Canasa-ri dagokionean eta beste erdia ureztatzaileei beraiei”. Eta ziurtatu du “ikusten dugun guztiak berriro ere frogatzen du UPN gizartearen interesentzako kudeatzaile ezin okerragoa izan dela eta dirudienez bere lagun batzuentzako kudeatzaile aparta”.

Esan duenez, behin gaia ikertu ondoren ondorio horretara iristen badira, “ikerketa batzorde bat martxan jartzearen alde egingo dugu, esku tartean duguna UPNk nafar guztien diruarekin egindako kudeaketa ezin okerragoaren froga argia baita”.

BANDERA ERREPUBLIKARRA

Bestalde, bandera errepublikarra jartzeko Mahai eta Eledunen Batzarraren akordio baten ondorioz izandako sententzia dela eta, Martinezek gaitzetsi egin du Justizia Auzitegiak “politika egitera sartu izana, bandera errepublikarra jartzea ekidinez” eta defendatu duenez “Justizia auzitegiak ez daude politika egiteko, justizia egiteko baizik”.

“Logikoa den moduan 5.566 euroak ordaindu beharko dira eta eskumenak aldarrikatzen jarraituko dugu, politika egiten jarraitzeko auzitegiak bertan nahastu gabe”, adierazi du.

Izena eman gure buletina jasotzeko