Koldo Martínezek aldebakartasuna gaitzetsi du eta Nafarroa subjektu politiko moduan aitortuko duen marko konfederal baten aldeko egin du
“Akordioa, inposaketak, derrigortzeak, bazterkeriak ez eta indarkeriak tokirik ez duten akordioa, politika demokratikoa jarduteko modu bikaina da”
Nafarroako herritarren gaitasun eratzaile osoa aitortuko duen eredu konfederal baten alde Geroa Baik egiten duen apustua berretsi du Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak Goi Ganberan, Nafarroako herritarrak baitira “haien erabakien jabeak, hortaz Estatuarekin ditugun edo edukiko ditugun harreman arazoak nafarren artean -bazterkeriarik gabe- konpondu behar dira lehenik eta Espainiarekin berdinen arteko itun bitartez”.
Zigor Kodeko matxinada eta sedizio delituak erreformatzea eskatzen duen Europako Kontseiluaren Asanblada Parlamentarioaren 2381 Ebazpenari (2021) buruzko eztabaida baten baitan, Koldo Martínezek “Kataluniako herriari eta askatasunez hartutako haien erabakiei” Geroa Bairen elkartasuna helarazi die, “gure iritziz erabakirik onenak izan ez arren”. Era berean, Kataluniako procés-aren konponbide ezberdin baten alde egin du Nafarroaren eta Espainiaren arteko ezberdintasunei irtenbidea emateko.
“Beste behin esango dut -gaineratu du Martínez Urionabarrenetxeak-. Geroa Bain Nafarroa subjektu politikoa dela defendatzen dugu, Nafarroako herritarrek gaitasun eratzaile osoa dutela. Maiuskulaz idatzitako Itun bat beharrezkoa da, guk geuk geure burua automugatuz, marko konfederal bat bilatuz, ez independentista, bertan denok elkar aitortuz”.
Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, berrogei urteren ondoren Foruaren Hobekuntzak bete gabe jarraitzen du eta Estatua oraindik egin gabe dauden transferentziak burutzearekin zalantzati dabil, Trafiko eskumenaren transferentzia kasu. “Egungo ordenamendu juridikoaren betetze osoa egiteko konpromisoa barne edukiko duen ituna beharrezkoa da. Bai, Konstituzioaren betetze osoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren betetze osoa, jada 40 urte bete baititu. Eta Gobernuak transferentzia alorrean egindako akordioen betetzea, haiengatik bozkatu baitzuen Geroa Baik María Chiviteren alde Nafarroako Lehendakari izateko. Bide batez, Hitzarmenaren legea onartzeko PSN eta Nafarroako eskuinaren arteko akordioa gaitzetsi baino ezin dut egin gaur, nafarron erabakitze gaitasuna murriztu egiten baitute, bai eta Trafiko eskumenaren transferentziaren sine die atzerapena ere”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Geroa Baiko senatariak aldebakarreko konponbideak gaitzetsi ditu. “Argi geratzen da, beraz, ez garela aldebakarreko erabakien aldekoak. Ez aldeetako batenak ez eta bestearenak. Aldebikotasunean sinesten dugu. Akordioa, inposaketak, derrigortzeak, bazterkeriak ez eta indarkeriak tokirik ez duten akordioa delako gure iritziz Politika demokratikoa jarduteko modurik bikainena”.
Koldo Martínez