Itzuli

Koldo Martínezek Antonio Magdaleno senatari sozialistak Foru Berriari egindako erasoa salatu du

PSOEk eta EH Bilduk ez dute Nafarroako Kode Zibilaren defentsan Senatuko mozio baten alde egin

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak bere harridura agertu du Antonio Magdaleno PSOEko senatariak Goi Ganberan Nafarroako Foru Berriaren aurka egin duen mintzaldiaren aurrean eta PSNtik argi eta garbi aldendu delako, alderdi horrek, gainontzeko alderdi politikoekin batera, Foru Parlamentuan foru zuzenbide zibilaren eguneratzearen alde bozkatu baitzuen.

    “Nafarroako senatari batek Nafarroako Forua modu horretan nola erasotu duen eta bere PSNko kideak nola saldu dituen ezin uler dezaket, bere kideek orain urte eta erdi Nafarroako Parlamentuan sutsuki defendatu baitzuten Nafarroak bere harreman zibilak modu propioan antolatzeko duen gaitasuna, hamarkadetatik hona egin izan duena alegia, Pedro Sánchez Moncloara iritsi zen arte gobernu bakar batek ere ez zuelarik oztoporik jarri, honek Konstituzionalean lege honen aurkako helegitea jarri baitu”, salatu du Geroa Baiko senatariak.

    “Ez dut uste Nafarroako Alderdi Sozialistako kide batek gure lurraldearen autonomia Magdalenok egin duen bortizkeriarekin inoiz erasotu duenik, are gutxiago Foru Berriaren eguneratzea bezalako gai batean, bertan maila handiko legelariak eta Nafarroako espektro politiko osoa aritu baitziren urtetan zehar lanean. Eta, gainera, txalo zaparradarekin amaitu zen Osoko Bilkura batean”, gogorarazi du Koldo Martínezek.

    “Antonio Magdaleno senatari sozialistak, Estatuarekin gatazka edukitzeko helburuarekin Nafarroako eskuinaren eta abertzaletasunaren artean elkarlanean aritzeko adostasuna egon dela salatzeko lotsagabekeria eduki du, nafarron arteko harreman pribatuak gidatu behar dituzten arauak zeintzuk diren erabakitzeko Nafarroako autonomiaren aldarrikapenean ados gaudelako besterik ez. Hau da, kontratu, jaraunspen, jabetza eta beste abarrengan eragina duen guztia. Sinesgaitza da hau eta PSNri Senatura zein ordezkari bidaltzen dituen planteatu arazi beharko dio” azpimarratu du Koldo Martínezek.

    Nafarroako Parlamentuan Foru Berriaren legea onartu zeneko osoko bilkuran PSNko eledunak egindako hizketaldia gogorarazi du senatariak. “Nafarroako herritarrek bere eskubideak eta harreman zibilak nola arautu behar dituen uneoro erabakitzeko eskubidea da forua. Lege honen onarpenarekin harro gaude -esan zuen Inma Juriok-. Ez dakit nola sentituko litzateke gaur bere kide Antonio Magdaleno entzun ondoren”, nabarmendu du Koldo Martínezek.

    UPN eta Geroa Bairen artean transakzionaturiko legez besteko proposamenean EH Bilduren abstentzioa kritikatu du ere Senatari autonomikoak, Sánchezen Gobernua premiatzen baitzen Foru Berriaren aurka jarritako konstituzionaltasun ezaren helegitea erretira zezan, eta Foru Parlamentuak lege hura aho batez onartu zuela jasotzen baitzen ere. “Ezin uler dezaket Parlamentuan Foru Berriaren eguneratzea onartu zuten bi talde politikok, PSOE eta EH Bildu alegia, gero Senatuan Konstituzioak babesten duen Nafarroako Kode Zibila arautzeko Nafarroako ganberaren gaitasuna defendatzen duen mozioaren alde ez agertzea”, salatu du Koldo Martínezek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko