Itzuli

Koldo Martínezek Erribera, Mendialde eta Iruñerrirako zuzenketa ugari aurkeztu dizkie Estatuko Aurrekontu Orokorrei

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Nafarroara bideraturiko zuzenketa ugari aurkeztuko dizkie Estatuko Aurrekontu Orokorrei, bide, etxebizitza, ingurumen eta nekazaritza alorretan.

    Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotika Zentro Nazionala, Nafarroa Green estrategiaren proiektuetako bat da, José Mari Aierdik zuzentzen duen Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen departamentuak bultzatua, eta etxebizitzaren eraikuntzarako sistema berrien gaineko ikerketan eta alor honetan eraginkortasuna areagotuko duten profesionalen formakuntzan Europa mailako erreferentziazko zentro bihurtzea da helburua, denborak eta kostuak murriztuz eta eraikuntzen eraginkortasun energetikoa hobetuz. Zuzenketak hiru milioi euro eskatzen ditu 2021 urtean zentro berriari hasiera emateko.

    Zenbatekoan handiena den partidak, 4.200.000 euroko kostuarekin, AP-68 autobidean Lodosako lotunearen eraikuntza jasotzen du Lodosan Bilboko norantzan, oraindik exekutatzeko zain baitago. Kongresuak 2014an premiatu zuen Gobernua lan hauek egin zitzan, autobidea Estatuaren konpetentzia baita, eta 2018an orduan Sustapen Ministroa zenak proiektua onartu zuen, baina hala ere, oraindik ez da burutu. “Behin baino gehiagotan Pablo Azcona Lodosako alkateak esan duenez, lotune honen eraikuntza funtsezkoa da, ez bakarrik udalerriaren garapenerako, baizik eta eskualde osoarentzako, komunikazioak modu nabarmenean hobetuko baititu. Ez du inolako zentzurik hasiera batean aurreikusi ziren sarbideak oraindik bukatu ez izana eta obra honekin eskualdearen antzinako aldarrikapen bati konponbidea emango genioke”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    Bide alorrean ere, Geroa Baiko senatariak beste zuzenketa bat aurkeztu du Estatuak Tutera parean AP-68 errepidearekiko paraleloan doan zerbitzu bidearen asfaltatze lanen finantzaketari ekin diezaion, bere egungo egoerak hautsaldiak eragiten baititu autobidetik doazen ibilgailuentzako arrisku serioa izanik eta bide hau erabiltzen duten nekazari eta txirrindularientzako eragozpen handiak ekarriz ere. Azkenik, errepideen alorrean beste zuzenketa bat egin da Uharteko Udalak Itaroa urbanizazioa eta izen bereko merkataritza zentroa lotuko dituen oinezkoentzako pasarela bat eraikitzeko finantzazioa eduki dezan.

    Ingurumenaren esparruan, Koldo Martínez senatariak hiru zuzenketa aurkeztu ditu. Horietako batek Foru Komunitateko bidegorri sarea osatzeko finantzaketa bilatzen du, bai eta sare handiak elkarren artean konektatzeko ere, bai mugaz gaindi bai eta inguruko udalerriekin, modu honetan eguneroko desplazamenduak bizikletaz egiteko aprobetxatu daitezen, dela lanera joateko, erosketara, ikastetxera eta abar, horretaz gain Europan geroz eta ohikoagoa den turismo eredua sustatuz ere. Bidegorri sare honek Nafarroako geografia osoari kohesioa emango lioke, lurraldea iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzea ahalbidetuz. Zuzenketak bi milioi euro eskatzen ditu 2021 jardunaldirako.

    Bertizko Jaurerriko Parke Naturalak urtero 85.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu. Nafarroako Gobernuak hobekuntza nabarmenak egin ditu parkearen behe aldean dauden eraikinetan eta pagadiaren hobekuntzan, baina XX mende hasierakoa den eta hamarkadak itxirik daraman eraikin modernistaren zaharberritzea burutu gabe dago oraindik, bere narriadura egoera oso aurreratua izanik. Itziar Gómez buru duen Landa Garapen eta Ingurumen departamentuko arduradunek, eraikin hau, behin zaharberritu ondoren, ikerketa zentro eta unibertsitateei erabilera zientifikorako eskaintzea baloratzen ari dira. Eraikinaren zaharberritze proiektua 2021 urtean zehar burutzeko aurrekontua 300.000 eurokoa da. 

    Ingurumenaren alorreko beste zuzenketa batek Atarrabiako Udalari diru laguntza bat ematea du helburu, gune horretan gertatzen diren uholdeak murrizteko zabalera handiagoko zubi berri bat eraikiz gaur egungoak eragiten duen presa-efektua eragotziz, eta ibaian gora dagoen kolektorearen kota beheratuz ere.

    Milioi bat euroko zuzenketa batek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa du hartzaile gisa, Zaraitzu Ibarra eta Nafarroako Pirinioen eskualdea dinamizatzeko. Gaur egun eraikin ugari abandonaturik daude Nekazaritzako Elikagaien sektorearen Eraldaketa eta Berrikuntzarako Nafarroako Institutuak (INTIA) Errementerian duen finka esperimentalean. Eraikin hauek mendiko nekazaritza ekimen berrientzako ekintzailetza zentro batean bilakatzea da, hala nola fruitu gorrien ekoizpenerako, proteinak lortzeko intsektuen hazkuntzarako, landare aromatikoak landatzeko, arkumeen lanketarako eta abar. Ekintzailetzari ekiten diotenek bertan produktu berri hauek testatu ahal izateko guneak sortzea aurreikusten da ere.

    Izena eman gure buletina jasotzeko