Koldo Martínezek Grande-Marlaskaren agerraldia eskatu du buruzagi sozialista batek Zabalza kasuko dokumentuen desklasifikatzea eskatu ondoren
Senatariaren aburuz, “indarkeria polizialaren estaltze kasurik handiena da hau eta bertan Estatuko botere guztiek parte hartu dute”
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu du Goi Ganberan, honek azal dezan zein jarrera duen Gobernuak, PSOEko exekutibako kide den diputatu batek Mikel Zabalza gazte nafarraren kasuari dagozkion CESIDeko dokumentu sekretuak desklasifikatzeko egin duen eskakizunaren aurrean.
“Pozik gaude Odón Elorzak Mikel Zabalzaren sumario amaitu gabearen berrirekitzearen alde agertu izanarekin, bai eta CESIDen dokumentuak desklasifikatzeko gure eskabidearekin bat egin izanarekin ere, horrela indarkeria polizialaren estaltze kasurik handienaren gainean behingoz argia egon dadin, bertan Estatuko botere guztiek parte hartu baitzuten. Baina, ezin ahaztu dezakegu pasa den otsailean proposamen hau bera Senatuan bozkatu zenean lortutako emaitza, kuartel batean bizirik sartu zen eta egun batzuen buruan eta arrazoizko azalpenik gabe hilik agertu zen Orbaizetako gazte nafar honi justizia egiteko Geroa Bairen ekimena baztertzea erabaki baitzuten PSOE eta PP taldeek, UPNrekin batera”, gogorarazi du Koldo Martínezek.
“Diputatu eta PSOEko exekutiba federaleko kidearen hausnarketarekin bat egiten dugu, Zuzenbidezko Estatuak beti indarkeriaren erabilera kontrolatu behar duela eta egia ikertzeari ezin diola uko egin adierazi baitu. Eta horregatik eskatu du Barne ministroaren agerraldia, gai honen aurrean duen jarrera ager dezan. Dokumentu sekretuak ez desklasifikatzeari eusten dioten estatu gutxien artean dago Espainia eta hori, zalantzarik gabe, gure sistemaren kalitate demokratikoari iraina da, are gehiago dokumentu horiek trantsizioko pasarte nazkagarrienetako bat argitzeko balio dezaketenean”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
“CESIDek Mikel Zabalzari Intxaurrondon gertatu zitzaionaren gainean lehen eskuko informazioa zuela badakigu eta horretaz gain, Espainiako zerbitzu sekretuetako arduradun baten eta kuarteleko agintari baten arteko elkarrizketaren grabazioak daude, horietan Mikel nola hil zen xehetasun osoz kontatzen diolarik. Donostiako alkate ohiak dioen moduan, familiak duintasuna, egia, justizia eta biktima zenaren aitortza edukitzeko eskubidea du polizia abusuen indarkeriagatik hil zela ziurtatzen bada. Eta PSOE-Podemos koalizio Gobernuak bere eskutan du bidegabekeria honi amaiera jartzeko pausoak emateko gaitasuna”, nabarmendu du senatariak.
Koldo Martínez