Itzuli

Koldo Martínezek herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko aurreikusten diren neurriei buruz galdetu du

Senatari autonomikoak Gobernu zentralari zuzenduriko galdera erregistratu du Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioak ezagutu ondoren

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak Espainiako Gobernuari zuzenduriko idatzizko galdera erregistratu du Senatuan “2019ko abenduaren 11an Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioak betetzeko eta modu horretan herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko aurreikusten diren neurriak zeintzuk diren ezagutzeko”. 

    2019ko abenduaren 11an Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta betetzeko Espainiako Gobernuari egiten dizkion gomendioak onartu zituen.

    Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta 2001ean berretsi zuen Espainiar Estatuak eta ordutik hona bost ebaluaketa txosten burutu ditu osotara Adituen Batzordeak eta ebaluaketa epealdi bakoitzaren ondoren Europako Batzordeko Ministroen Batzordeak gomendio sorta bat egin izan du Espainiar Estatuak hartutako konpromisoen betetzean aurrera egin dezan.

    Martínezek gogorarazi duenez, “bostgarren ebaluaketa epealdi honetan Ministroen Batzordeak 5 gomendio egin ditu osotara, horietako lehen bietan hizkuntza propioak dituzten Komunitate Autonomoetako herritarrengan eragina duten Estatuaren konpetentzia esparruak aipatuz”. “Alde batetik, botere judizialaren lege organikoa aldatzea gomendatzen dute, prozedimendu judizialetan aldeetako batek eskatuta hizkuntza koofizialen erabilera bermatzeko helburuarekin, eta beste aldetik, Komunitate Autonomoetako Estatuko administraritzan hizkuntza koofizialen erabilera hobetzea proposatzen dute”, azaldu du senatariak. 

    Horregatik, “honi dagokionez Estatuak gomendio hauek behin eta berriro bete ez ondoren” Martínezek Gobernu zentralari eskatu dio “Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordearen gomendioak betetzeko eta modu honetan herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko aurreikusten diren neurriak azal ditzan”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko